Aurkikunde: 1533-1848

Euskaldunak buru zituzten itsas-espedizioek ekialdearen eta mendebaldearen arteko merkataritza-bide berriak ezarri eta Kaliforniako kostaldea gogotik esploratu zituzten, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan zehar. Itzal handiko misio jesuitak 1699an hasi ziren fundatzen, Baja Kalifornian. Indigena gehienak kristautu zituzten orduan. 1769an, itsas- eta lur-espedizioei esker, lau gotorleku eta 21 misio ezarrita ziren dagoeneko Alta Kalifornian. Denboraz, kokaleku hauetako batzuk estatuko hiri handienetakoak bilakatu ziren: San Diego, Santa Barbara, San Jose eta San Francisco, besteak beste. Euskaldunen lana berebizikoa izan zen hazkunde prozesu horretan: esploratzaileak eta misiolariak izan ziren, baina baita gotorlekuen komandanteak eta gobernadoreak ere.

XIX. mendean, Hego Ameriketara joandako euskaldunak Kalifornian kokatzen hasi ziren 1849ko urre aurkikuntzek erakarrita, munduko beste herrietatik heldutako beste urre bilatzaile asko bezala. Baina azkar ikusi zuten abeltzaintza urre meatzeak baino askoz errentagarriagoa zela. 1870. hamarkadaren amaieratik hasita eta 50 urteko tartean, euskaldunak trumilka iritsi ziren Kaliforniara eta eskualdeko abeltzaintza eta nekazaritza sektoreei hasiera sendoa eman zieten. Euskaldun aurrendariak ongi egokitu ziren lurralde berrira eta negozio oparoak sortu zituzten: abeltzainak ziren, ostatuen ugazabak, negozioen eta lurren jabeak eta langile onak hainbat industriatan.