Barnealdeko esplorazioa

Juan de Oñate Salazar

Juan de Oñate’s signature

Juan de Oñate, esploratzailea eta kolonizatzailea, Cristobal de Oñateren (Gasteiz edo Oñati, 1504 – Panuco, Zacatecas, 1567) eta Catalina de Salazarren semea, Santa Fe de Nuevo Mexiko (Mexiko Berria) probintziaren fundatzailea eta hango lehen gobernadorea izan zen. Estatu Batuen hego-mendebaldea esploratzeko lehen espedizioetan parte hartu zuen eta hainbat kokagune fundatu zituen eskualde hartan. Kansaseraino, Grand Canyon eta Kaliforniako golkoraino eraman zuten bere espedizioek. Berak ezarria da Chihuahuako meatzeetatik Mexiko Berriaren iparraldera doan Errege Bidea, El caminoreal de tierra adentro deritzona, eta, oraindik ere, Chihuahuatik El Pasora doan bide zatiak La ruta deOñate, Oñate’s Route izena darama; berak urratu zuen Deadman’s Journey(Jornada del muerto) deritzon ia laurogei miliako tarte urik gabea ere. Bide-urratzaile eta kolonizatzaile gisa egindako lan horrengatik, ohoratu beharreko pertsonaia da batzuentzat, baina beste batzuentzat guztiz gaitzesgarria, Acomako (Mexiko Berria) altxamenduan hango biztanleen kontra erakutsi zuen krudelkeriagatik.

Juan de Oñateren espedizioak

Juan de Oñateren inskripzioa El Morro National Monument delakoan (Mexiko Berria)

1605ean, Kaliforniako golkorainoko bidaia egin ondoren, itzulerako bide luzeari ekin zion Oñatek, Rio Granderantz. El Morrotik pasatzean, harrian zizelkatuta utzi zuen bere aztarna: «Pasó por aquí el Adelantado Juan de Oñate del descubrimiento de la mar del Sur a 16 dias de abril año 1605». Ondoko urteetan, haitzaren ondotik pasatutako askok egin zuten gauza bera, besteak beste, Azpilkuetan (Nafarroa) jaiotako Martin de Elizacoecheak, Durangoko (Bizkai Berria) apezpikuak. Oñateren inskripzioa espainierazko lehenengoa da, indioen petroglifoak dira zaharrago bakarrak.

Bibliografia

SIMMONS, Marc (1991). The Last Conquistador: Juan de Oñate and the Settling of the Far Southwest, University of Oklahoma Press, Norman.

______ (1999). In Etulain, Richard, and Echeverria, Jeronima, eds., Portraits of Basques in the New World. University of Nevada Press, Reno, Nevada.


Agustin de Vildosola

“Bulevar A. de Vildosola”, Hermosillon (Mexiko)

Joseph de Vildosolaren eta Francisca de Aldecoaren semea, 1741ean San Pedro de la Conquista del Pitic presidioa fundatu zuen (gaur Hermosillo, Mexikon), eta Sonorako eta Sinaloako gobernadorea izan zen 1741 eta 1748 artean.


Juan Bautista de Anzaren espedizio esploratzailea (1774)

By Juan Bautista de Anza – National Park Service (http://www.solideas.com/DeAnza/TrailGuide/Santa_Cruz/), Public Domain, https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=42979156

Juan Bautista de Anzaren espedizio esploratzaileak Sonora eta Goi Kalifornia arteko bidea ezarri zuen, San Ignacio de Tubac presidiotik abiatu (gaur Arizonako hegoaldea) eta   Montereyko San Carlos presidiorainoko bidea eginda.

1774ko urtarrilaren 8an abiatu zen espedizioa Tubacetik. Egun batzuk lehenago, prestaketa-lanetan ari zirela, apatxeek ehun eta hogeita hamar zaldi ostu zituzten presidiotik bertatik. Irteera atzeratu zuen horrek, baina onerako izan zen, zeren, zaldi gehiago nondik lortuko zebiltzala, Goi Kaliforniatik heldu berria zen indio bat ekarri zuten Anzaren aurrera. San Gabriel misiotik desertatu eta Colorado ibairainoko bide guztia egin berria zuen, basamortuan barrena. Sebastian Tarabal zuen izena, eta Anzak bere espediziorako gidaritzat hartu zuen.

Anzarekin eta Tarabalekin batera, hogei soldadu boluntario, Kaliforniako bideak ezagutzen zituen soldadu mexikar bat, pima hizkuntzako interprete bat, Tubaceko presidioko arotz natibo bat, bost mandazain eta Anzaren bi zerbitzari abiatu ziren neguko goiz hartan Tubacetik. Bi fraide frantziskotar ere bai: Francisco Garces aragoarra, aurrez Colorado inguruak esploratzen ibilia, eta Juan Diaz izeneko beste fraide bat. Ehun eta berrogei zaldik eta hirurogeita bost behik osatzen zuten segizioa. Tresna ugari ere hartu zituzten, lurralde ezezagunetan barneratzeko beharrezkoak («otros utiles necesarios para terrenos ignorados», dio Anzak bere egunerokoan). Izan ere, europarrek sekula zeharkatu gabeko lurretatik pasatu beharko zuten.

Anzak eta Garcesek espedizioaren eguneroko bana idatzi zuten, eta horri esker, zehatz-mehatz dakizkigu bidaiaren xehetasun guztiak.

San Ignacio de Tubac presidioa, 1774. urte aldera. Egilea: Bill Ahrendt. Courtesy of the National Park Service.

Hasierako egunetan, Tubacetik Colorado ibairantz zihoazela Sonorako desertuan barrena, apatxeen bortizkeriaren aztarnak aurkitu zituzten bazter guztietan. «La infernal peste de los Apaches», dio Anzak. Baina ez zuten erasorik pairatu. Aitzitik, desertuko papagoek modurik adiskidetsuenean hartu zituzten. Gila ibaiaren ertzetara heldu zirenean, ia hilabeteko ibilaldiaren ondoren, berrehun indiotik gora zeramatzaten atzetik,

 «todos placenterisimos de nuestra venida, la que celebraban con gritos, y risa, como asi mismo hechando puñados de tierra al ayre, y otras demostraciones, dando indicios de la maior sencilles, y amistad».

Gila ibaira iritsita, harrera ezin hobea jaso zuten hango biztanleengandik ere. Yuma edo Quechan nazioko indioak ziren. Buruzagia ere gerturatu zitzaien. Olleyquotequiebe zuen benetako izena, baina espainiarrentzat Salvador Palma izango zen. Zalditik jaitsi eta besarkada eskatu zion Anzari. Gero, bere gizonei hurbiltzen uzteko erregutu zion, kanpotarrak bertatik bertara ikusi eta ukitu egin nahi zituztela eta, gehienek ez zutelako sekula gisa hartako jenderik ikusi. Anzak opari bereziak eskaini zizkion Palma buruzagiari: xingola distiratsu bat eta erregearen irudia zuten txanponekin egindako lepoko bat.

Anzaren eta Palmaren arteko harreman ona erabakigarria suertatu zen bai espedizio honetan, bai 1775-1776ko espedizio kolonizatzailean. Izan ere, Anza begirunez hurbildu zen natiboengana. Nabaria da hori haren hitzetan: «Haien izaera indioen artean aurki daitekeen onentxoena da, oso alaiak, maitekorrak eta eskuzabalak baitira», idazten du bere egunerokoan. Haien ohiturak, berriz, epaitu gabe eta, batez ere, gutxietsi gabe deskribatzen ditu:

“Gizonak larrugorritan ibiltzen dira, lotsa arrastorik gabe, eta gizontasun seinaletzat daukate hori, eta zerbait jantzita eramatea emakume kontutzat, beraiek aitortu didatenez. Ile ederra dute, era askotan apaintzen dutena, buztin fin-finarekin, eta haren gainean halako hauts bat botatzen dute, hain distiratsua, ezen zilarrezkoa dirudien. Orrazkera hau ez banatzeko, eserita egiten dute lo”.

Zoritxarrez, ondoren heldu ziren espainiarrek ez zuten berdin jokatu, eta Anzak hainbeste zaindutako harreman ona hondatu zuten.

Konfiantzaren seinale, behi batzuk eta leher egindako zama-abereak bertan uztea erabaki zuen kapitainak, soldadu batzuekin, itzultzen ziren arte.

Colorado zeharkatzen lagundu ondoren, Santa Olaya izeneko lakuraino gidatu zituzten indioek, Colorado desertuko hondar duna handien ertzera heldu arte. Handik aurrera, Tarabal indioa eta hiru urte lehenago han ibilitako aita Garces izan ziren gidari. Baina bidez okertu, eta hamabost egunez nora ezean ibili zen taldea, zaldiak akitu arte. Santa Olayara itzultzea erabaki zuten, baina hori ere ez zen erraza suertatu, hondar haizeak bide guztiak ezkutatuta zeuzkan eta. Santa Olayara iritsita, atseden hartu zuten egun batzuetan. Soldaduen artean biolin-jotzaile bat bazen, eta «dantza saioak antolatzen zituzten gauero neska indioekin, hantxe desertuaren ertzean, basamortuaren mehatxuari beren alaitasunarekin aurre eginez».

Hego-mendebalderantz jotzea erabaki zuen gero Anzak, Coloradon behera, desertua hegoaldeko ertzetik inguratuko zuen bidearen bila. Ura eta larreak aurkitu zituzten Cocopa mendien iparraldean, eta handik ipar-mendebalderantz jo zuten. Zihoazela, etengabe, indio nazio berriak aurkitzen zituzten, denak ere abegitsuak, batzuk oso uzkurrak eta ikaratiak. Hala, esate baterako, Colorado ibaikoek jahueche edo caguenche esaten zieten indio menditarrak. «Espirituz yumek baino koldarragoak dirudite –idazten  du Anzak–. Zaldirik ez dute, eta halako beldurra diete yumei ezen zaldi irrintzi bat entzute hutsarekin izutu egiten diren». Gaurko Coyote Canyon-en gora jarraituta, goseak amorratzen zeuden indioak topatu zituzten, haitzetan eta haitzuloetan bizi zirenak, «untxi-zuloetan bezala». Denei, bakean bizitzeko aholkatuko die Anzak, beste nazioetako indioen kontra gerrarik egin gabe.

Hala, beste arazorik gabe, martxoaren 22an San Gabriel misiora heldu zen espedizioa, Tubacetik abiatu zirenetik 268 legoako bidea eginda. Han zeuden lau fraide frantziskotarrek bozkarioz hartu zuten taldea, ezkilen errepikarekin eta Te Deum kantatuz; harriduraz ere bai, Sonorako joan-etorria hain erraz egin zitekeenik sinetsi ezinik.

San Gabriel misiotik, Anzak Montereyra jo zuen soldadu taldetxo batekin. Hurrena egingo zuen espedizio kolonizatzailea gogoan, ondo ezagutu nahi zuen harainoko bidea.

Itzulerako bideari ekin ziotenean, Montereyko sei soldadu gehitu zitzaizkion taldeari, Coloradorainoko bidea ikas zezaten. Hara iristean, ordea, lehenengo bisitan hain abegitsu agertutako yumak Anzak han utzitako ganadua lapurtzen saiatu zirela jakin zuten. Erasoren bat ere izan zen Montereyko soldaduen kontra. Baina denak huskeria zirudien lortu zenaren aldean, eta Mexikora jo zuen Anzak, Antonio Maria de Bucareli y Ursua erregeordeari espedizioaren kontakizun zehatza eskaintzera.

Garces frantziskotarrak eta Anzak izan zituzten gorabeherak, baina hala ere kapitainari buruzko hitz onekin amaitzen du fraideak bere egunerokoa: «La expedicion se ha hecho sin causar molestia, ni hacer vexacion a los Yndios», idazten du apirilaren 26an. Etahonela laburtzen ditu bidaiaren arrakastaren arrazoiak: «El buen porte que el señor comandante ha tenido con los Yndios sufriendolos, con los soldados disciplinandolos afablemente, y con los Padres respetandolos […]».

Ezarrita geratu zen, horrenbestez, Sonora eta Goi Kalifornia lotzen zituen lurreko bidea. Saritzat, erregeordeak teniente koronel mailara igo zuen Anza. Gainera, hurrengo espedizioa, San Frantzisko kolonizatu eta defendatu behar zuena, antolatzeko eskatu zion.

https://www.desertusa.com/desert-trails/anza-trail.html

Anzari buruzko online baliabideak

Bibliografia

BOLTON, Herbert Eugene (1930). Anza´s California Expeditions, University of California Press, Berkeley, Kalifornia.

_____________ (1921). The Spanish borderlands: a chronicle of Old Florida and the Southwest, Yale University Press, New Haven.

FONT, Pedro (1913).The Anza expedition of 1775-1776, Frederick J. Teggart edit., Publications of the Academy of Pacific Coast History, 3. lib., 1. zenb., University of California, Berkeley, Kalifornia.

GARATE, Donald T. (edit.) (1995). Captain Juan Bautista de Anza: Correspondence on various subjects, 1775 [Antepasados, VIII]. Los Californianos, San Leandro, Kalifornia.

_____________ (1998). Anza´s Return from Alta California: Anza Correspondence 1776-1778 [Antepasados, IX]. Los Californianos, San Leandro, Kalifornia.

_____________ (2003). Juan Bautista de Anza. Basque Explorer in the New World, 1693-1740, University of Nevada Press, Reno.

GARIKANO, Asun (2013). Kaliforniakoak (1533-1848), Pamiela, Iruñea.

GUERRERO, Vladimir (2006). The Anza trail and the settling of California, Heyday, Berkeley, Kalifornia.


Antonio Maria de Bucareli y Ursua

(Sevilla, Espainia, 1717 – Mexiko Hiria, Espainia Berria, 1779)

Antonio Maria de Bucareli y Ursua Espainia Berriko erregeordea izan zen 1771-1779 epean. Bigarren abizenak adierazten duen bezala, euskal jatorrikoa zen amaren aldetik, Pedro de Ursua y Arizmendiren biloba. Bucareliren agintepean egin zituen Juan Bautista de Anza II.ak bere bi espedizioak, esploratzailea (1774) eta kolonizatzailea (1775-1776). Halaber, errusiarrak Ipar Amerikan egiten ari ziren aurrerapausoekin kezkaturik, bi espedizio bidali zituen Ipar Pazifikoko itsasaldea esploratzera: Juan Perezena  (1774), eta Bruno de Heceta bizkaitarrak gidatu zuena (1775). Hecetarenean, Juan Francisco de la Bodega y Quadra euskal-peruarra izan zen ontzietako baten buru. Hark jarri zion izena gaurko egunean ere Bucareli Sound (Alaska) izena daraman badiari.

Bibliografia

GARIKANO, Asun (2013). Kaliforniakoak (1533-1848), Pamiela, Iruñea.


Frai Pedro de Arriquibarren testamentua

Zeanuri, Bizkaia, XX. mendearen lehen erdian. Egilea: Felipe Manterola. https://www.museobilbao.com/catalogo-online/caserio-antzune-8345

Pedro Antonio Arriquibar (Zeanuri, Bizkaia, 1745 – Tucson, Arizona, 1820) artean diakonoa zela abiatu zen, 24 urte zituela, Bilbotik Mexikoko San Fernando kolegiora. Kalifornia Behereko misioetara destinatu zuten aurrena, eta han zerbitzatu zuen 1772 arte. 1774an, Sonorako eta Arizonako misioen ardura  zuen Santa Cruz de Queretaro kolegiora pasatu zen. Hurrengo urtean  Tumacacorin kokatu, eta Arizonan –Pimeria zeritzon lurraldean–  pasa zituen hurrengo berrogeita bost urteak.

1796tik aurrera, pobretasun botoak baztertzeko dispentsa lortuta, Arriquibar Tucsongo presidioko kapilau izan zen, eta, haren testamentuak erakusten duenez, dezenteko ondasunak pilatzea lortu zuen postu horretan. Kapilau bizkaitarraren testamentua gaurko egunera iritsi den era horretako dokumenturik zaharrenetakoa da.

Hitz hauekin hasten da: «Ni, frai Pedro de Arriquibar […], Bizkaian jaioa, Espainian, Gaztelako Erresuman…». Jarraian, elizan lurpera dezaten eskatzen du, aldareko harmailetan, requiem meza eder batekin; eta bere gorpua plazan barrena prozesioan eraman dezatela, kapilau gisa dagokion ohorearekin, hura ikustean jendeak haren arimaren alde otoitz egin dezan. Segidan, Teodoro Ramirez, «nire semebitxi maitea», legezko oinordeko izendatzen du. Eta hari uzten dizkio bere kapilau urteetan pilatutako ondasun guztiak, Jerusalemgo gatibuen erredentziorako eta Jerusalementzat gorde beharreko 200 pesoak izan ezik.

“Plano de las Provincias de Ostimuri, Sinaloa, Sonora y demás circunvecinas y parte de California, 1772”. Egilea: Jose Antonio de Alzate y Ramirez. Mapa ikusteko, klikatu hemen: http://bdmx.mx/documento/galeria/plano-provincias-ostimuri-sinaloa-sonora

Hona hemen Arriquibarren ondasunen inbentarioa: «… etxea bere sala eta bi gela eta despentsarekin, atzeko patioko itxitura, mahaia eta aulkiak, Ama Doloretakoaren estatua, erromatar sotana bat, Jerusalemgo arrosario bat, lau brebiario erromatar eta sermoi-liburu bat pergaminozkoa, kartoi horiko azala duten hamaika liburu latinez, kartoizko azala duten lau liburu latinez, pergaminozko sei sermoi-liburu handi hainbat egilerenak, larruzko azala duten hogeita hamar liburu eta beste bi azalik gabeak, zortzi ordo latinez, eskuz idatzitako sermoi sorta bat, artilezko lastaira bat oso higatua, bi lokarriekin, palma-hostoz egindako kapela olanaz forratua, azpiko galtzak, alkandora bat, olanazko galtzak eta galtzerdiak, painelu handi bat eta oinetakoak, artile urdineko mantua, sudur-hauts kutxa handi bat, sudur-hauts pote bat eta betaurrekoak, bizarra mozteko kutxa, bi xafla eta zorroztarria, tintontzi bat eta bi botila txiki, buztinezko lau ardo pitxer, zela gonaduna, basta, zagoiak eta ezproiak, metalezko labana, sardexka eta koilara, eztainuzko poto bat, argimutil bat eta kandela-itzaltzekoak, zazpi zaldi eta behor bat, bost mando, hamabost behor eta haien garañoa, berrogeiren bat abelburu, bostehun eta laurogeita hamar peso eta hiru erreal…»

Misiolari gisa fraide zabar samarraren fama izan zuen Arriquibarrek, baina kapilau gisa Tucsongo presidioko kiderik aberatsenetakoa izan zen.

Tucson-go presidioaren sketcha. Egile ezezaguna. 1775ean hasi ziren eraikitzen, eta handik idatzitako lehen korrespondentzia, 1776ko azaroko data daramana, Juan Bautista de Anzak sinatzen du. By unknown – www.cdarc.org/…/rio_nuevo/arch/tp/presidio.phpCenter for Desert Archaeology, Public Domain, https://en.wikipedia.org/w/index.php?curid=24953714

Bibliografia

GARIKANO, Asun (2013). Kaliforniakoak (1533-1848), Pamiela, Iruñea.

OMAETXEBARRIA, Ignacio (2001). Franciscanos misioneros vascos. Biografias y semblanzas, Arantzazu E. F., Arantzazuko Santutegia, Oñati.

STONER, Victor R.; DOBYNS, Henry F. (1959). «Fray Pedro Antonio de Arriquibar, Chaplain of the Royal Fort at Tucson» in Arizona and the West, Journal of the Southwest, 1. lib., 1. zenb., 71-79. http://www.jstor.org/stable/40166914.


Juan Bautista de espedizio kolonizatzailea Anzaren (1775–76)

Juan Bautista de Anzaren espedizio kolonizatzailearen mapa. https://www.nps.gov/juba/index.htm

1774ko espedizio esploratzailearen arrakasta ikusita, Juan Bautista de Anzak kolono talde bat Sonoratik San Frantziskora gidatzeko agindua jaso zuen Antonio Maria de Bucareli y Ursua erregeordeagandik. Kokagune bat ezarri nahi zen San Frantziskon, iparraldean errusiarrak egiten ari ziren aurrerabideari muga jartzeko. Eta kolonia eta misio gehiago fundatu, Manilako Galeoiari pausalekua eskaintzeko eta kostaldearen jabegoa bermatzen laguntzeko Espainiari.

1775eko urriaren 23an jarri zen abian espedizioa, eta hurrengo urteko urtarrilean iritsi ziren San Gabriel Arcangel misiora, bidean neke handiak pasatuta, neguko hotzaren erruz batik bat. Handik, gizon talde txiki batekin, Anzak San Frantziskoraino jarraitu zuen. 1776ko martxoan, jada San Frantziskon, presidioa eta misioa altxatzeko tokirik egokienak hautatu zituen. Misioari Dolores izena eman zioten, kristau egutegian santu horren eguna zela eta. Oraindik ere zutik dirau Dolores misioak, eta San Frantziskoko eraikinik zaharrena da. Horrez gain, martxoaren 28an, Juan Bautista Anza II.ak San Frantzisko hiria izango zenaren kokagunea hautatu zuen. «En el cantil blanco de la boca del puerto» ezarri zuen gurutzea –gaur Fort Point–, portuaren sarreratik bertatik ere ikusten zela.

Prestaketa-lanak

Juan Bautista Anza II.a, Cantil blanco delakoan. Ustez Fray Ursik 1774an egindako olio-pinturan oinarritua

1774ko maiatzean itzuli zen Anzaren espedizio esploratzailea Tubacera. Eta 1775eko urrirako dena prest zegoen espedizio kolonizatzaileak bideari ekiteko. Bitarte horretan, Anza bera ibili zen behar zen guztia antolatzen. Mexikoko ipar-mendebaldeko kokagune eta meatze-zelai pobreenetan pionero familiak[i] konbentzitzea izan zen zailtasunik handiena. Kaliforniako lehen kolono bilakatzeko kontu hura ez baitzen batere erakargarria –Kalifornia izenak ez zuen gaur duen lilura ahalmenik, jendeari eremu basatiak eta ezezagunak ekartzen zizkion gogora–, eta bi urteko soldata, bost urteko errazioak, arropa, ganadua, armak eta abar agindu behar izan zitzaizkien animatzeko.

Finantza kontuetarako, berriz, gizon trebatu batengana jo zuen Bucareli y Ursua erregeordeak: Juan Jose de Echeveste donostiarrarengana. Anzak lagunduta, espedizioko kideak ondo jantzita eta elikatuta egoteko behar zen guztia zerrendatu zuen Echevestek. Bi liburu zuri ere sartu zituen, erregistro militarretarako eta egunerokoa idazteko. Anzak eta Pedro Font kapilauak haietan idatzitakoari esker dakizkigu espedizioaren egunez eguneko gorabeherak.

Abiapuntua: San Ignacio de Tubac presidioa

Abiatzeko bezperan, urriaren 22an, meza kantatu eder bat eman zen Tubacen bertan (gaur Arizonako hegoaldea). Han zen frai Pedro de Arriquibar zeanuritarra ere, Tumacacoriko misiotik etorrita une haren lekuko izateko. Eta 23an, goizeko hamaiketan, Anzak ¡vayan subiendo! oihukatu –kapitainaren hitz horiekin hasiko zen eguneroko ibilaldia–, eta martxan jarri zen taldea: Pedro Font kapilaua eta bi misiolari frantziskotar, Francisco Garces esploratzaile aragoarra eta Tomas Eixarch, Colorado ibaiaren inguruetan geratzekoak zirenak; Jose Joaquin Moraga tenientea, Goi Kalifornian kokatzeko asmotan zihoazen soldaduetatik bikoterik gabe zihoan bakarra, emaztea gaixotu egin zelako; Juan Pablo Grijalva sarjentua, 10 eskolta-soldadu, 28 soldadu kolono, 29 soldaduren emazteak (gutxienez bost haurdun Tubacetik abiatzean), 136 familia-kide eta kolono boluntario, 15 mandazain, 3 behizain, 5 interprete, Anzaren 4 zerbitzari, misiolarien 3 zerbitzari eta komisario bat. Mila buru inguruko abere multzoa ere bazen, zaldi, behi eta mando.

Anzaren aginduari jarraituta, bakoitzak bere lekua hartu zuen segizioan. Halaxe kokatuko ziren goizero, ibilaldi luzeak iraun zuen bitartean. Font kapilauaren hitzetan:

«Aurrean lau soldadu joaten ziren, bide-urratzaileak. Abangoardian, buru eginez, komandantea, eta gero ni. Nire atzetik jendea, gizon, emakume eta ume, eta beren familiak eskoltatzen eta zaintzen zihoazen soldaduak. Atzeguardian, tenienteak ixten zuen ilara. Haren atzetik zamariak joaten ziren; jarraian, zaldi-behor askeak eta, azken-azkena, ganadua, ilara luzea osatuz. […] Behar zen tokira heldutakoan, kanpamentuak herri bat zirudien…». Ez zen lan samurra, jende hura guztia horrenbeste oztopo eta arriskutan barrena gidatzea. Baina, Anzaren gidaritza zuhurrari esker, aurreikuspenik onenetan ere espero ez zena lortu zen: abiatu baino lagun gehiago iristea helmugara, pertsona bakarra hil baitzen –estreinako gauean zortzigarren umeaz erditzean hildako emakumea–, eta jaio, berriz, bost ume.

Espedizioak aurrera egitea lortzen du, oztopoak oztopo

Tubacetik abiatu orduko, apatxeen hainbeste eraso pairatutako lurraldea zeharkatu behar izan zuten, baina, zorionez –«es cosa de admirar», dio Fontek–, ez zen arazorik izan. Larri ibiliko ziren bestela, tropa gehiena ondo prestatu gabea baitzen, eta gainera ume eta guzti zihoazen. Bi edo hiru ume garraiatu behar zituztenak ere baziren.

Kristau herriak atzean utzi eta “jentilen” lurraldean sartuta, Anzak bandoa jo zuen urriaren 29an:

«Espedizioko kide guztiak bertan zirela, bandoa joarazi nuen, eta emakumeak, batez ere jentilak, bortxatzen dituztenentzat edo haiei ondasunak kentzen dizkien edonorentzat ordenantzak agintzen dituen zigorrak eman nituen jakitera. Eta, zigor beraren mehatxupean, pasatuko garen tokietan inork jentilen kontra armak altxatzea debekatu nuen, bizia defendatzeko beharrezkoa izan ezean, edo nik agindu ezean…».

Azaroaren 1ean, San Juan Capistrano de Vturitue herrian, mila indio inguru atera zitzaizkien bidera, eta, bi ilaratan jarrita, gizonezkoak batean eta emakumezkoak bestean, agurtzera eta komandanteari eta hiru elizgizonei bostekoa ematera etorri ziren banan-banan, aurrena gizonezkoak eta gero emakumezkoak. Poz handia erakusten zuten, eta, eskua bularrera eramanez, honela zioten, Pimeria Altako kristauen eran: «Dios ato m´busibó» («Jainkoak lagun gaitzala»). Anzak dio pimek baimena eskatu ziotela beren ohiko dantza eta kantuekin ospatzeko bisitarien etorrera, eta «enbarazu horrekin, guretzat enbarazua besterik ez baita» bukatu zutela eguna.

Gila ibaiaren inguruetara iritsita, ibilbide guztiko unerik aipagarrienetakoa gertatu zen. Honela kontatzen du Anzak azaroaren 27ko sarreran:

«Arratsaldeko hiruretan yumen kapitaina, Salvador Palma, etorri zitzaigun kanpamentura, hogeita hamarren bat beretarrek lagunduta, denak armarik gabe. Ikusi ninduenarekin batera, besarkatzen eta bozkariorik handiena adierazten hasi zitzaidan, nire etorreragatik pozez zoratzen, bere naziokoak eta ibaian ezagutzen nauten guztiak bezala. Kapitain jentil honek Bere Maiestatearen eta Erregeorde Txit Gorenaren osasunaz galdetzeko gizabidea izan zuen, esanez zorte onekoa nintzela haiek ikusteko aukera izan nuelako, San Miguel presidioan izan zenean esan ziotenez, eta gainera haiei entzuteko aukera ere izan nuelako; hori lortzearren, gustura asko kenduko zituela berak bere belarriak eta espainiar belarriak jarri, haiek esandakoa ulertzeko».

Aurreko urtean egindako galdera berritu zion Salvador Palmak Anzari, alegia, ea noiz joan behar zuten misiolariek lur haietara; komandanteak aurreko urtean emandako agindu guztiak zehatz-mehatz bete zituztela, eta, batez ere, ez zutela beste nazioekin borrokarik egin. Une hartan ezinezkoa zela erantzun zion Anzak, beste agindu batzuekin zihoalako, baina helduko zela garaia.

Palmak ontzat eman zuen erantzuna momentuz, baina adierazi zion Anzari, itzultzen zenean artean misiolaririk gabe jarraitzen bazuten, Mexikora joan, eta berak hitz egingo zuela Bucareli erregeordearekin.

Ados jarrita, Bucarelik erregearen izenean bidalitako oparia eman zion Anzak yumen kapitainari: oihal urdineko militar traje dotorea, bere urre koloreko marrekin. Izugarri estimatu zuen Palmak, eta beretarrei erakutsita, «lo admiraron con igual alboroso que el dueño».

Colorado eta Gila bateratzen ziren lekura heltzean, ur emaria aurreko urtean pasatu zirenean baino askoz handiagoa zela aurkitu zuten. Baltsak egitea pentsatu zuten, baina, haiek gidatzeko, uretan sartu beharko zuten indioek, eta horretan pentsatzerik ez zegoen uraren hoztasunagatik. Ibaia sakonera gutxiko hiru besotan zatitzen zen leku bat topatu zuten azkenean, eta handik pasatu ziren, azaroaren 30ean. Anzaren hitzetan:

«Zaldirik handienetan eta indartsuenetan hasi ginen lehenengo besoa pasatzen, emakumeak eta umeak zeramatzatenei kabestrutik heltzen geniela, eta badaezpada, ibaian beherago, hamar gizon jarri nituen aurrez aurre, inor erortzen bazen ere».

Aurreko urtean bezala, Francisco Garces frantziskotar esploratzaile bipila ibili zen larrien, urari zion beldurragatik. Hiru yumek pasatu zuten bizkarrean, bik burutik heltzen ziotela eta hirugarrenak hanketatik, ahoz gora luze-luze, hilda balego bezala.

Aita Garcesek eta aita Eixarchek bertan geratu behar zuten, inguruak esploratzen, Anza bere eginkizuna beteta itzuli arte. Hala bada, haientzako eta hiru interprete eta hiru zerbitzarirentzako estalpea egiten eman zituzten hurrengo egunak, eta lau hilabeterako bizigaiekin utzi zituzten. Estalpe huraxe izan zen zurien lehen kokagunea Yuman.

Handik aurrera, abenduaren lehenengo egunetan, espedizioak bidaiaren parterik gogorrenari ekin zion. Medanoak –hondar dunak– zeharkatu behar zituzten, «por donde apenas se atreven a transitar los Indios por ser tierra tan mala que ni los paxaros la habitan», Font kapilauaren hitzetan. Aurreko espedizioko eskarmentuarekin, Santa Olaya lakura heldutakoan hiru talde egin zituen Anzak, bakoitza egun batean abiatzekotan, ur putzuei berriro betetzeko denbora ematearren. Lehenengo taldearen gidaritza berak hartuta, zuzen-zuzen zeharkatu zuen desertua. Aurreko txandan egarria bezala, oraingoan hotza izan zen etsairik okerrena. Hala dio abenduaren 11ko sarreran:

«Gaurko gaua oso zitala izan da, hotzagatik, eta berdin egun osoa: gehitu horri paraje honetan urria dela egurra, eta ezin izan dugula batere bildu, argi faltagatik».

Bi egun geroago, abenduaren 13an, San Sebastianen kanpatu zuten, mendiko igarobidetik gertu. Baina tarte hura gainditu izanaren poza aurrean azaldu zitzaien ikusmirak lausotu zuen: «Pasatu behar ditugun mendiak ikusi ditugu, guk inoiz imajinatu baino elur gehiagoz estalita».

Beste bi taldeen zain geratu ziren han. Hurrengo egunean, 14an: «Gaueko hamaiketan elurra atertu zuen, baina mendiak eta ordokiak hain zurituta geratu ziren, ezen eguna argitzen ari zuela ematen baitzuen». Izozte latza etorri zen jarraian: «Se padeció una noche mui fatal». 15ean:«Hainbat pertsona erdizka izoztu ziren, eta bat osorik, eta hil ez zedin bi orduz lau suren erdian eduki behar izan zuten bil-bil eginda».

Hiru taldeak elkartu zirenean, hotzak eta egarriak hil beharrean zeuden kolonoak, abelgorriek lau egun zeramatzaten edan gabe, eta zaldiak akituta zeuden. Gehien sufritu zutenetako bat hirugarren taldeko burua izan zen, Jose Joaquin Moraga tenientea. Bi belarrietako entzumena galduta heldu zen, jendea berotzeko suak pizten eta besteri laguntzen zebilela ondo tapatzeaz ahaztuta. Dena dela, pozik ziren denak berriro elkarrekin egoteaz, eta gau hartan, aita Fontek bere disgustua disimulatu gabe aitortzen duenez, «fandango bat armatu» zen. Festaren erdian, emakume alargun batek kopla lotsagabe samarrak kantatu zituen, eta gizon-lagunak zigortu egin zuen. Hura ikusirik, Anzak errieta egin zion gizonari. Aita Fontek aurre egin zion kapitainari, «dexelo Usted Señor, que hace muy bien» esanez; baina halako gehiegikeriarik ez zuela onartuko erantzun zion Anzak.

Hilaren 19an, ipar-mendebalderantz jo, eta sierra ikaragarriaren igoerari ekin zioten aurreko espedizioan Anzak berak aurkitutako bidetik. Mendi elurtuak ikusirik, larritasuna zabaldu zen espedizioko kideen artean. Honela idazten du Anzak 27an:

«ia ez da zuhaitzik ikusten gailurretan. Ikusmira hau izugarria izan da gure espedizioko jende gehienarentzat, zeren, Lur Beroan jaioak izanik, sekula elurrik ikusi gabeak baitira. Hori dela eta, triste jarri eta negarrari eman diote emakume batzuek, beren artean ziotela: “Ai, elurra hain ugari ez zenean horrenbeste animalia hil badira hotzak, eta jendeari ere gutxi falta izan bazaio, zer izango da horrelako pila dagoen tokian?”».

Laurogeita hamar abelburu baino gehiago hil ziren gorako bidean. Noizbait gainditu zuten, hala ere, gailurra, eta, beherantz egin ahala, bareagoa egin zen eguraldia, lurraldea atsegingarriagoa, eta bestelako eragozpenik gabe, 1776ko urtarrilaren 4an San Gabriel misiora heldu ziren (gaur Los Angelesen ekialdea).

Albiste txarrak San Gabriel misioan

Uste ez zuten zerbaitekin gertatu ziren San Gabriel misiora heldu zirenean. Goi Kaliforniako komandante Fernando Rivera y Moncadaren ahotik jakin zuten hotza eta egarria baino arrisku handiago batetik libratu zirela harako bidean. Aurreko azaroaren 4an, indioek erabat erraustua zuten handik berrogeiren bat legoara zegoen San Diego misioa. Ziur aski, Anzak yumen artean lortu zuen izen onagatik ez zioten haren espedizioari erasorik egin San Gabrielerako bidean zihoala.

Larria zen egoera. Zinez, ordura arteko kolonizazio lan guztia zegoen arriskuan. Rivera komandanteak 70 gizon baino ez zeuzkan probintzia osoan, bost misiotan eta bi presidiotan sakabanatuta, laurehun miliatik gorako lurraldean. Beste eraso bat baldin bazegoen, espainiarrek nekez defendatu ahal izango zituzten beren posizioak. Gauzak hala, Anzari lehenagokoa iruditu zitzaion San Diegoko matxinoak harrapatzea bere kolono taldearekin Montereyrantz jarraitzea baino. Ia lau astez, haien atzetik ibili zen; baina ezer lortu gabe.

Azkenean, hamabi soldadu Riverarekin utzi eta San Gabrielera itzuli zen Anza, kolonoak San Frantziskora eramateko planari bukaera emateko. Beste ezusteko bat zeukan zain San Gabrielen. Bost desertorek espedizioko eta misioko zaldirik onenak ostu eta ihes egin zutela jakin zuen. Moraga tenientea hamar soldadurekin haien atzetik bidali, eta Anzak berak Monterey aldera jo zuen hamazazpi soldadu, beste horrenbeste familia eta bere konpainiako sei soldadurekin.

Montereyrantz

Otsailaren 21ean abiatu ziren. Hurrengo hiru asteetan, itsasbazterrean gora, oztoporik gabe egin zuen taldeak bere bidea. Martxoaren 2an, San Luis Obispo misiora hurbiltzen ari zirela, bertako ministroa, aita Jose Cavaller katalana, eta aita Pablo de Mugartegui markinarra atera zitzaizkien bidera. Ezkila hotsarekin hartu zituzten eta Te Deum kantatuz sartu ziren denak elizan. Hala dio Anzak bere egunerokoan:

«Sentitu zuten pozaren tamainakoa izan zen egin ziguten harrera, halako egoeran dagoen jendeagandik espero daitekeen bezala, zeren, urtea joan eta urtea etorri, kokagune hauetako hamabi edo hamahiru aurpegiak besterik ez baitute ikusten».

Martxoaren 6an San Antonio misiora heldu, eta aurrekoetan bezalako harrera jaso zuten, eta gainera bi txerri gizen eta urdaia eman zizkieten opari.

Hurrengo eguna poz handikoa izan zen, Moraga tenientea heldu baitzen falta ziren familiekin, desertoreak harrapatzea lortu ondoren. Eta halaxe, denak elkartuta, hilaren 10ean Montereyko presidiora heldu ziren. Egun horretako sarreran, harrotasun puntu bat nabari zaio Anzari bidaiaren balantzea egitean:

«Ibilbide guztian, gidatu dudan jendearen artean, inor ez dugu galdu, ezpada Tubacetik atera ginen eguneko gauean bere haurraz erditzean hil zen emakumea».

Hurrengo egunean, frai Junipero Serra etorri zitzaien San Carlos Borromeo de Carmelo misio hurbiletik, San Frantziskon fundatzekoak ziren bi misioetarako izendatutako lau fraideekin: Francisco Palou, Jose de Murguia, Pedro Cambon, eta Tomas de la Peña.

Baina espedizioa azken jomugara heldu gabe zegoen, eta Anza berehala hasi zen San Frantziskoko badia esploratzeko prestatzen, han koloniarentzako leku egokia bilatzeko. Gaixo jarri zen, ordea, martxoaren 13an, eta 23ra arte ezin izan zion bideari ekin, Moraga tenientea, aita Font eta hamaika soldadu lagun zituela.

San Frantzisko hiriaren fundazioa

Juan Bautista Anzaren 1776ko espedizioaren mapa. Egilea: Pedro Font.

Azkenean San Frantziskoko portura helduta, hiriaren fundaziorako lehen urratsak eman zituen Anzak. Presidioarentzako eta misioarentzako kokaguneak hautatu, eta San Frantzisko hiria non altxatuko zen ere erabakita utzi zuen, bertan gurutzea ezarriz: «Enel cantil blanco de la boca del puerto», gaur Fort Point dagoen tokian.

San Frantzisko hiriaren fundazioaz gehiago, hemen.

Etxerako bidean

Apirilaren 14an ekin zion Anzak itzulerako bideari. Kolonoek negar artean agurtu zuten ibilbide luzean barrena maitatzera eta mirestera iritsi ziren komandantea. Honela kontatzen du Anzak berak:

«Gaurko eguna presidio honek inoiz ezagutu duen tristeena izan da, zeren eta zaldi gainera igo naizenarekin batera plazan, honaino ekarri dudan jendeak […], batez ere emakumeak, malkotan etorri dira, esanez, beren erbesteratzeagatik baino gehiago, nigandik bereizi beharragatik egiten zutela negar».

Juan Bautista de Anza By Ira Diamond Gerald Cassidy – Own work, Public Domain, https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=39493234

Itzuleran ere yuma adiskidetsuen laguntza izan zuen Anzaren taldeak Colorado zeharkatzeko. Haren emaria oso handia zen urte garai hartan. Trasteak, ontzietan eta saskietan sartuta, emakumeek garraiatu zituzten, gizonak baino igerilari hobeak zirelako, Anzak dioenez. Jendea pasatzeko, berriz, baltsak egin, eta dozenaka gizon sartu ziren uretara haiek bultzatzeko eta gidatzeko. Ertzetik urrundu orduko zerbait erori zen Anza zihoan baltsatik, eta berrehun indiok baino gehiagok egin zuten jauzi uretara, hura berreskuratzearren.

Ibaia zeharkatuta, Anzak honako gogoeta hau jaso zuen bere egunerokoan, maiatzaren 15ean:

«Lehen ere esana dut, ibai emaritsu hau populatzen duten nazioak gure alde baditugu, lan handirik gabe pasatu ahal izango garela, eta bestela ezinezkoa izango dela ia. Oraingoan inoiz baino argiago ikusi dut hori, kontuan izanda bertakoen laguntzarekin lau egun kostatu zaigula; eta, beren borondatez eskainitako laguntza horrekin guztiarekin ere, esan dezaket bidaia guztian ez naizela ibai hau pasatzen adina nekatu».

Espedizioaren arrakastaren aurrean, Espainia Berriko erregeordeak Mexiko Berriko gobernadore izendatu zuen Juan Bautista Anza 1777an. Hurrengo urteetan, kanpaina eta esplorazio gehiagotan ere parte hartu zuen, baina Sonora eta Goi Kalifornia lurrez lotzea izan zen Anzaren lorpenik handiena. Chapman historialariak laudorio hau eskaintzen dio: «haren [Anzaren] lanak, Bucareli y Ursua erregeorde handiaren gidaritzapean, Kaliforniaren historian izandako beste edozein gertaeraren gainetik zegoen garrantzi iraunkorra izango zuen».

Legatua

Anzaren garrantzi iraunkorraren erakusgarri dira gaur egungo Kalifornian haren izena daramaten leku guztiak. Aipagarriena Juan Bautista de Anza National Historic Trail deritzona da. National Park Service erakundeak kudeatzen du, eta 1775-1776ko espedizioak egindako bidea berritzeko aukera ematen du Nogalesetik (Arizona) hasi eta San Frantziskoraino. 1990ean «Ibilbide Historiko Nazionala» izendatu zuten. Horrez gain, Kaliforniako hainbat hiribidek, parkek eta ikastetxek ere haren izena daramate: De Anza Boulevard San Mateon eta Cupertinon, De Anza College Cupertinon, De Anza High School Richmonden, De Anza Middle School Ontarion, De Anza Middle School Venturan, De Anza Hotel San Josen, Juan Bautista De Anza Community Park Calabasasen, De Anza Elementary School Baldwin Parken, Los Angelesen… San Frantziskon Anza Street izeneko kalea dago, eta Lake Anza Tilden Regional Park delakoan, Berkeley gainean. Hari eskainitako eskultura bat ikus daiteke Riversiden, beste bat Lake Merced izeneko parkean, San Frantziskon. Anza izeneko herri bat ere bada, hain zuzen ere Anza ibarrean, Palm Springs-eko hegoaldeko mendietan.

Anzarekiko zorra aitortzeko, 1963an, Arizpeko (Sonora, Mexiko) Nuestra Señora de la Asuncion elizan, University of California, Berkeley eta San Francisco unibertsitateko ordezkariak bildu ziren, haren gorpua lurpetik atera eta marmolezko mausoleo egin berri batean ehorzteko.

Anzari buruzko online baliabideak

Bibliografia

BEEBE, Rose Marie; SENKEWICZ, Robert M. (2001). Lands of promise and despair. Chronicles of Early California, 1535-1846, Santa Clara University, Heyday Books, Berkeley, Kalifornia.

BOLTON, Herbert Eugene (1930). Anza´s California Expeditions, University of California Press, Berkeley, Kalifornia.

_____________ (1921). The Spanish borderlands: a chronicle of Old Florida and the Southwest, Yale University Press, New Haven.

CHAPMAN, Charles E. (1921). A History of California: the Spanish period, Macmillan Co., New York.

FONT, Pedro (1913).The Anza expedition of 1775-1776, Frederick J. Teggart edit., Publications of the Academy of Pacific Coast History, 3. lib., 1. zenb., University of California, Berkeley, Kalifornia.

GARATE, Donald T. (edit.) (1995). Captain Juan Bautista de Anza: Correspondence on various subjects, 1775 [Antepasados, VIII]. Los Californianos, San Leandro, Kalifornia.

_____________ (1998). Anza´s return from Alta California: Anza correspondence 1776-1778 [Antepasados, IX]. Los Californianos, San Leandro, Kalifornia.

_____________ (2003). Juan Bautista de Anza. Basque Explorer in the New World, 1693-1740, University of Nevada Press, Reno.

GARIKANO, Asun (2013). Kaliforniakoak (1533-1848), Pamiela, Iruñea.

GUERRERO, Vladimir (2006). The Anza trail and the settling of California. Heyday, Berkeley, Kalifornia.


San Frantzisko hiriaren fundazioa (1776)

https://noehill.com/sf/landmarks/cal0082.asp

San Frantzisko hiriaren fundazioaz jakin nahian edozein historia liburu zabaltzen duenak abizen euskaldun ugari aurkituko ditu une historiko horren berri ematen duten orrietan. Aipa ditzagun garrantzitsuenak, bakoitzak jokatu zuen papera zehatzago azaltzera pasatu baino lehen: Antonio Maria de Bucareli y Ursua, Espainia Berriko erregeordea, Goi Kaliforniako kokaguneen iraupenean eta Pazifikoaren ipar-mendebaldeko espedizioetan halako garrantzia izan zuena;  Juan Manuel de Ayala y Aguirre, Golden Gate-n barrena nabigatu zuen lehen itsasontzi europarraren kapitaina, San Frantziskoko badia guztia esploratu zuena; Bruno de Heceta y Dudagoitia, Ayala y Aguirreri esplorazio-lanetan lagundu behar zion taldearen buruzagia; eta, denen artean garrantzitsuena, Juan Bautista de Anza, San Frantziskon kokatu behar zuen lehen kolono taldea gidatu zuena Sonoratik Montereyraino, eta hiriaren benetako fundatzailea. 1776ko martxoaren 28an, San Frantzisko hiria izango zenaren kokagunea hautatu zuen Anzak, gurutzea ezarriz «en el cantil blanco de la boca del puerto» (gaur Fort Point). Leku hartantxe eraikiarazi zuen 1794an San Frantziskoko lehen gotorlekua Jose Joaquin de Arrillagak, Kaliforniako seigarren gobernadoreak.

Fort Point-en eraikinean jarrita dagoen plakak gizon haietako batzuen izenak gogoratzen ditu, hiriaren fundazioan jokatu zuten paperaren aitortza gisa.

San Joaquin gaztelua. California Historical Landmark 82. https://noehill.com/sf/landmarks/cal0082.asp

Honela dio idazkunak:

“San Frantzisko badian sartutako lehenengo ontziak, Ayala kapitainaren San Carlosek, 1775eko abuztuaren 5ean bota zuen aingura puntu honetan. Don Juan Bautista de Anza teniente koronelak 1776ko martxoaren 28an ezarri zuen gurutzea El Cantil Blancon. Lehenengo gotorlekua, San Joaquin gaztelua, 1794ko abenduaren 8an amaitu zuen Jose Joaquin de Arrillagak, Kaliforniako seigarren gobernadoreak…”.

 Kokagunea: Fort Wall-eko hego-ekialdeko horma, Fort Point, San Frantzisko  (Golden Gate zubiaren azpian. San Joaquin gaztelua 1853an eraitsi zuten Fort Point eraikitzeko).

Lehen urratsak: Bucareli y Ursua erregeordea egitasmoari lotzen zaio

XVIII. mendearen azken laurdenean, Espainia, Ingalaterra eta Errusia Pazifikoaren kostaldeaz jabetu nahian zebiltzan, eta San Frantzisko kolonizatzea giltzarri zen lehia horretan nagusitzeko. Horretaz ongi jabetuta, Bucareli y Ursuak bi espedizio abian jartzeko agindua eman zuen. Itsasoz, Juan Bautista de Ayala y Aguirrek San Frantziskoko portua esploratu beharko zuen. Lurrez, Juan Bautista de Anzak San Frantsiskon kokatuko zen lehen kolono taldea eraman beharko zuen Sonoratik haraino.  Dena ondo ateratzen bazen, San Frantziskon elkartuko ziren bi espedizioak.

Juan Manuel de Ayala y Aguirre: Golden Gate zeharkatu zuen lehen ontzi europarraren kapitaina

1775eko abuztuaren 4ko gauean, San Carlos pakeboteak, Juan Manuel de Ayala y Aguirre kapitain zuela, San Frantziskoko porturainoko bidea egin zuen gaur Golden Gate izenaz ezagutzen den estugunea zeharkatuta. Gogoratzea merezi duen unea izan zen: aurreneko aldiz zeharkatzen zuten europarrek Golden Gate entzutetsua.  Handik aurrera, berrogeita lau egunez, Ayalaren gizonek San Frantzisko eta Suisun badiak zehatz-mehatz esploratu eta hainbat puntu geografiko izendatu zituzten. Izen horiek ez dira gaurko egunera bere hartan iritsi. Ayalaren taldeak “Nuestra Señora de los Angeles” bataiatutako uhartea Angel Island bihurtu da; “Isla de los Alcatraces” izena, gaurko Alcatraz, hasieran beste uharte bati eman zitzaion. Juan Bautista Aguirrek, San Carloseko bigarren pilotuak, La ensenada de los llorones izendatu zuena –hiru indio ikusi baitzituen han, negarrez edo negar hotsak egiten– Mission Bay da gaur, San Frantzisko erdian.

Rivera gobernadoreak beste espedizio bat bidali behar zuen San Frantziskora. Bruno de Heceta y Dudagoitiaren esanetara, bigarren talde honek lekua prestatu behar zuen Anzaren kolonoak heldu baino lehen. Haiek noiz azalduko egon zen Ayala kapitaina, baina haien aztarnarik ez zenez, ezta Anzaren kolono taldearenik ere, Montereyra itzultzea erabaki zuen. Abiatu aurretik, aurreko urtean aita Palouk Point Lobos-en gailurrean altxatutako gurutzera bidali zuen taldetxo bat, Vicente de Santa Maria San Carloseko kapilau nafarra tartean zela. Gurutzearen oinean, bi eskutitz utzi zituen Santa Mariak. Batek San Carlosek badian egindako sarrera arrakastatsuaren berri ematen zuen; besteak zioen Montereyra itzultzera zihoazela, baina, lurrez etorri behar zutenak haraino helduz gero, egiteko sua Angel Island-en parean, Ayala eta haren gizonak artean han baziren bi taldeak elkartzeko. Irailaren 18an utzi zuen San Carlosek San Frantziskoko badia, eta handik hiru egunera heldu zen Bruno de Heceta y Dudagoitia bizkaitarrak zuzendutako taldea.

Juan Manuel de Ayala y Aguirreren espedizio honekin hasi zen San Frantziskoko portuaren fama zabaltzen. Ayalaren hitzetan, berak kostalde hartan, Hornos lurmuturretik hasita, ikusitako onenetakoa zen portu hura. Bucareli y Ursua erregeordeari idatzi zionez:

«Egia da portu hau ona dela, ez bakarrik ikusmirarako eskaintzen duen harmonia ederragatik, baizik eta ur fresko-fresko, egur eta lasta faltarik ez duelako. Bere klima, hotza izan arren, sanoa da, eta Monterreyn egunero izan genuen lainorik gabea».

Hura irakurrita, Bucarelik baikor idatzi zion Julian de Arriaga Indietako Ministroari: «Orain badakigu San Frantzisko portu famatua dela, sanoa, bere kostaldean lur emankorrak dituena eta harekin egin nahi den guztirako aproposa».

Bruno de Heceta y Dudagoitia

Esan bezala, Bruno de Hecetak Montereytik San Frantziskora joateko agindua jaso zuen, Juan Manuel de Ayalari esplorazio-lanean laguntzeko eta Anzaren kolonoentzako lekua prestatzeko. Lurrez joan zen taldea: Hecetarekin batera, Francisco Palou eta Miguel de la Campa Cos frantziskotarrak, bederatzi soldadu, hiru itsasgizon eta arotz bat. Kanoa txiki bat ere eraman zuten, mando gainean.

Irailaren 22an, Point Loboseko hegoaldeko hondartzara heldu ziren, eta, gurutzeraino joanda, aita Vicente de Santa Mariak han utzitako bi eskutitzak aurkitu zituzten. Haietako batean eskatu bezala, sua egin zuten Angel Islanden parean, baina ez zen erantzunik egon. Laku baten ondoan zeuden kanpatuta, eta gaur arte gorde duen izena jarri zioten: «Nuestra Señora de la Merced» (gaur Lake Merced).

Hurrengo egunean, Ayalaren taldeko gizonak ikusten ote zituzten jarraitu zuten, baina, ageri ez zirenez, Montereyra itzuliak izango zirela pentsatu zuten. Beste horrenbeste egitea erabaki zuen Hecetak. Urriaren 1ean Montereyra heldu zenean, hantxe ainguratuta aurkitu zuen San Carlos, eta San Frantziskoko esplorazioen berri jakin zuen Ayalaren eta haren bi pilotuen ahotik.

Juan Bautista de Anza azkenean San Frantziskon. Hiriaren fundazioa

Bucareli y Ursuaren aginduei jarraituz, 1775eko urriaren 21ean abiatu zen San Ignacio de Tubac presidiotik (gaur egun Arizonako hegoaldea) Juan Bautista de Anzaren espedizio kolonizatzailea, San Frantziskon kokatu behar zuen lehen kolono taldearekin. Bideko zailtasun guztiak gainditu ondoren, 1776ko martxoaren 10ean iritsi zen taldea Montereyra. Kolonoak han utzi, eta gizon taldetxo batekin ekin zion Anzak San Frantziskorainoko bideari:  Moraga tenientea, aita Font, eta hamaika soldadu.

Martxoaren 27an heldu ziren San Frantziskora. Bazterrak ongi miatu ondoren ur eta egur bila, Anzak presidioarentzako eta misioarentzako tokirik egokienak hautatu zituen. Misioari Dolores izena eman zion, kristau egutegian santa haren eguna zelako. Oraindik ere zutik dirau Dolores misioak, eta San Frantziskoko eraikinik zaharrena da. Horrez gain, 1776ko martxoaren 28an, Juan Bautista Anza II.ak San Frantzisko hiria izango zenaren kokagunea hautatu zuen. «En el cantil blanco de la boca del puerto» ezarri zuen gurutzea –gaur Fort Point–, portuaren sarreratik bertatik ere ikusten zela. Haren oinean, ohitura zen bezala, bere etorreraren berri ematen zuen mezua utzi zuen harri batzuen azpian, portuaren erregistroarekin batera. Honela jasotzen du unea Anzak berak bere egunerokoan:

“Portuko sarbidearen gunerik estuenera joan nintzen, inor sekula egon gabeko tokira. Gurutzea zutitu nuen han, eta ikusi dudanaren berri ematen duen oharra lurperatu nuen haren oinean, honaino heldutako itsasontziek gidatzat har dezaten, eta bai halaber portu honetan gotorleku bat ezartzeko egiten ari naizen esplorazioen txostena”.

San Frantziskoko presidioaren irudirik zaharrena. Ustez George von Langsdorff-ek egina 1806an. Courtesy of the Bancroft Library, University of California, Berkeley, California.

Bai Anzaren eta bai aita Fonten egunerokoetan garbi geratzen da bien miresmena Cantil Blanco delakoak eskaintzen duen ikusmiraren aurrean. Gaurko egunetik profetikoak diren hitz horiek aurkituko ditugu Fonten egun horretako sarreran:  

“Ibili naizen bazter guztietan oso toki onak eta lur ederrak ikusi baditut ere, oraindaino bitartean ez dut ikusi hau bezain gustagarri egin zaidanik. Benetan uste dut, behar bezala populatuz gero, Europan bezala, munduan ez litzatekeela politagorik izango, toki honek ezaugarririk onenak baititu bertan hiririk ederrena eraikitzeko”.

Anzak, berriz, hango biztanleekin izandako harreman baketsuaren berri ematen du:

“Gaur aztertu dudan eskualdean, arratsaldeko bostetan itzuli naizen arte, jentil ugari aurkitu dut, izaera otzanekoak. Atseginez etorri dira nirekin, baina bakoitzaren lurraldetik asko urrundu gabe, haien artean ohikoa den etsaitasunagatik”.

Tamalez, horrenbesteko ahalegina egin ondoren, espedizioaren azken xedea bete gabe hartu zuen Anzak etxerako bidea, hots, kolonoak San Frantziskon kokatzera iritsi gabe. Izan ere, Goi Kaliforniako gobernadoreari, Fernando Rivera y Moncadari, ziur aski Anzarenganako jelosiagatik, kolonoek San Frantziskon ez baina Montereyn kokatu behar zutela otu zitzaion. Dezepzio handia izan zen hori Anzarentzat, baina gobernadorearen aginduetara makurtu beharra zeukan.

Handik hilabete pare batera, Moraga tenienteak eman zion azkena gobernadorearen erruz burutu gabe utzitako lanari. Moragak gidatutako taldea, kolono batzuk ere tartean zirela, ekainaren 27an heldu zen San Frantziskora. Anzak “Nuestra Señora de los Dolores” izendatutako lakuaren ertzean ezarri zuten kanpamentua. Handik egun gutxira gertatu zen, uztailaren 4an, Ameriketako Estatu Batuetako Independentzia Aldarrikapena.

online baliabideak

Juan Bautista de Anzaren eta Pedro Fonten egunerokoak, gaztelaniaz eta ingelesez:http://96.71.175.153/AnzaWeb/default.html

Bibliografia

BOLTON, Herbert Eugene (1930). Anza´s California Expeditions, University of California Press, Berkeley, Kalifornia.

CHAPMAN, Charles E. (1921). A History of California: the Spanish period, Macmillan Co., New York.

FONT, Pedro (1913).The Anza expedition of 1775-1776, Frederick J. Teggart edit., Publications of the Academy of Pacific Coast History, 3. lib., 1. zenb., University of California, Berkeley, Kalifornia.

GARATE, Donald T. (2003). Juan Bautista de Anza. Basque Explorer in the New World, 1693-1740, University of Nevada Press, Reno.

GARIKANO, Asun (2013). Kaliforniakoak (1533-1848), Pamiela, Iruñea.

GUERRERO, Vladimir (2006). The Anza trail and the settling of California, Heyday, Berkeley, Kalifornia.