Frantziskotarren misioak

Goi Kaliforniako misio, presidio eta herrien mapa, ©2016 Pentacle Press.

Kaliforniaren aro kolonialeko une garrantzitsu askoren protagonista izan ziren frantziskotar misiolari euskaldunak. 1773an Goi Kaliforniaren eta Kalifornia Beherearen arteko muga ezarri zenean, lau misiolari euskaldunek hartu zuten parte zeremonian: Jose Murguiak, Juan Prestamerok, Gregorio Amurriok eta Fermin Lasuenek. Junipero Serrak 1774an San Blasetik San Diegora egindako itsas bidaia ospetsuan, Pablo Mugartegui izan zuen laguntzaile. Vicente de Santa Maria ontziko kapilaua zen, Juan Bautista de Ayalaren San Carlos pakebotea San Frantziskoko Golden Gate zeharkatzen zuen lehen ontzi europarra bihurtu zenean 1775ean. Murguia bera Montereyn zen hurrengo urtean, Juan Bautista Anzaren espedizioa hara heldu zenean San Frantziskon lehen kokalekua ezarri behar zuen kolono taldearekin. 1792an Vancouver kapitainak San Frantzisko bisitatu zuenean Martin Landaeta fraideak egin zion ongietorria. Aurrerago, 1824an chumash indioak matxinatu zirenean, Vicente Sarriak lortu zuen haiek bake-bidera ekartzea… Izan ere, “jentilak” kristautzeko asmoak bultzatu zituen fraideak Kaliforniara, baina, behin han kokatuta, esploratzaile, etnografo, eskola-maisu, etxegile, nekazari bilakatu ziren.

Goi Kaliforniako misioetan zerbitzatu zuten 142 misiolarietatik, jatorriari dagokionez fraide euskaldunek osatzen zuten talde etnikorik handiena. Hogeita hamar kide izan ziren, guztira. Goi Kalifornian ezarritako hogeita bat misioetatik bederatzi Fermin Lasuen arabarrak fundatu zituen: Santa Barbara, La Purisima Concepcion, Santa Cruz, Nuestra Señora de la Soledad, San Jose, San Juan Bautista, San Miguel Arcangel, San Fernando Rey de España eta San Luis Rey de Francia. Beste misio bat, San Rafael Arcangel, Vicente Sarria bizkaitarrak fundatua da. Gainera, bi fraideak, Lasuen eta Sarria, erakundearen buru izatera heldu ziren.


Gehiago jakiteko

Misio frantziskotarrek paper garrantzitsua jokatu zuten Goi Kaliforniaren kolonizazio prozesuan. Indarrean egon ziren urteetan (1769-1833), fraideek, fedea zabaltzeko lan egiteaz gain, mugako lurrak esploratu zituzten, haiek okupatzeaz eta defendatzeaz arduratu ziren, nekazaritzan, abeltzaintzan eta hainbat ofiziotan trebatu zituzten indioak… Eta, bide batez, kontzienteki ala inkontzienteki, Estatuak muga hartan zituen zerbitzaririk onenak bilakatu ziren.

Indioak janaria prestatzen, Hutchings’ California Magazine-n argitaratutako litografia (1859). Courtesy California Missions Resource Center.

Gaiari buruz idatzitako sintesi bikainean, H. E. Boltonek dio Amerikaren kolonizazioan parte hartutako nazio bakoitzak erakunde eta jende mota jakin batzuk ezarri zituela mugako lurretan. Frantses kolonietan, larru-tratularia eta misiolaria izan ziren pioneroak. Bata kastore bila, bestea arimak salbatu nahirik, kontinentearen bazterrik ezkutuenetaraino heldu, eta frantses jabegoaren mugak zabaldu zituzten. Kolonia ingelesetan ere larru-tratulariak aitzindari eta bide-urratzaile izan ziren, baina haien atzetik etorritako kolonoak izan ziren benetan basoak bota eta, urratsez urrats, indioak atzerantz bultzatu zituztenak, haiekin batere nahastu gabe. Espainiaren kolonietan, berriz, hiru pertsonaia arduratu ziren mugak zabaltzeaz eta haiei eusteaz: konkistatzailea, presidioko soldadua eta misiolaria. Eta, hiru horietatik, misiolariak  izan zuen eraginik erabakigarriena, Eliza eta Estatua zerbitzatzen zituela aldi berean.

Elizaren eta misiolarien aldetik, jentilen artean fedea zabaltzea zen lehen ardura; kar erlijiosoak bultzatuta joan ziren fraideak lurralde haietara. Baina berehala konprenitu zuten, indioak kristaubidera ekartzekotan, europar zibilizazioaren oinarriak onarrarazi behar zitzaizkiela. Bizimoduari zegokionez, herrietan batzea, janztea, monogamia praktikatzea eta adobe edo harrizko etxeetan bizitzea esan nahi zuen horrek; gizartearen antolamenduari zegokionez, espainiar agintera eta legeetara makurtzea. Horretan bat zetozen fraideen eta agintari zibilen interesak, eta beraz, kristautzeko ez ezik, europarren zibilizazio-eredura makurrarazteko eta muga kontrolatzeko erakunde gisa diseinatu ziren misioak.

Misioak beren burua hornitzeko gai izatea bilatu zuten fraideek. Horretarako, gurutzeak eta goldeak batera joan behar zutela sinetsita, nekazaritzan, abeltzaintzan, eraikuntzan eta ordura arte ezezagunak zitzaizkien beste hainbat ofiziotan trebatu zituzten indioak. Fraideen ustez, aurrerapen materialik gabe ezin zen egon aurrerapen espiritualik, eta misioetan biak uztartzen saiatu ziren, Euskal Herrian garai berean Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak  defendatzen zuenaren ildo beretik. Ez alferrik, misiolari askok oso harreman estua izan zuten elkarte ilustratuko kideekin. Pablo Mugartegui, adibidez, elkartearen sortzaileetako baten anaia zen, eta fraidea Kalifornian zela, bi anaiek beren lanen berri emanez idazten zioten elkarri.   

Aldi baterako sortu ziren misioak. Teorian, hamar urteko epea betetzean, apaizeria sekularraren eskuetara pasa, eta misio-lurrak haien lehengo jabeei, indioei, itzuli behar zitzaizkien. Baina lege hori Mexikoko, Erdiko Amerikako eta Peruko biztanleekin izandako esperientziaren ondorioa zen, eta epea laburregia suertatu zen Goi Kaliforniarako. Misioetan eskatzen zitzaizkien lan-moduak arrotzak zitzaizkien Goi Kaliforniako indioei. “Harrigarriena da gizakiari bizirik iraunarazteko eskulanetan ere, esate baterako, nekazaritzan, ez direla sekula aritu,” zioen gutun batean Pablo Mugarteguik. Gainera, beren ohiko bizimoduari eutsi nahi zioten. Fermin Lasuen gasteiztarraren hitzetan:

“Ikusi ez duenarentzat, ezinezkoa da izaki gaixo hauek basorako duten joera konprenitzea. Estalperik gabe daude han, gerizperik gabe, janaririk gabe, medizinarik eta inolako laguntzarik gabe. Hemen [misioan] gauza horiekin guztiekin alaitu dezakete bihotza. Hildakoen kopurua askoz txikiagoa da hemen han baino. Hori guztia ikusten dute, eta hala ere basoa dute amets”.

Fraideek aurkitu zuten beste oztopo bat indio herrien arteko etsaitasuna izan zen. Lasuenek berak 1797an erregeordeari idatzitako gutun batekoak dira hitz hauek:

“Hemen deskubritu diren nazioen artean, bakar bat ez dut ezagutu aldamenekoarekin bakean bizi denik. Mugakideak noizbehinka elkarrekin komunikatzen dira eta nola-halako harmonia gordetzen dute, baina bata bestearen eremuan sartu orduko, armetara jotzen dute huts egin gabe, beren artean gauza bera baita beste hizkuntza batekoa izatea eta etsaia izatea”.

Misiolariek, esan bezala, hamar urteko zerbitzaldia bete behar zuten gutxienez, baina  batzuk larri ibili ziren horrenbeste irauteko, lurraldearen eta bizimoduaren gogortasunagatik. Manuel Jose Martiarena errenteriarrak, adibidez, depresio sakona pairatu zuen eta hamar urteko epea bete orduko erretiratu zen San Fernando Kolegiora. Hamar urtez eutsi zion Francisco Jose Arroitak ere, eta erretiratu zenean, Lasuenen hitzetan, “egindako ahaleginengatik leher eginda eta ahituta zegoen”. Domingo Carranzak, berriz, bere zerbitzaldia betetzeko bi urte falta zituela, honela zioen: “Ya ni tengo gusto y menos de Californias”. Martin Landaeta kortezubitarrari garaia baino lehen eman zion Lasuenek Goi Kalifornia uzteko baimena, “guztiz ezinezkoa zaiolako ministerioan jarraitzea aspalditik sufritzen ari den emozio-nahasmenduagatik”. Misiolari gehienak, izan ere, “trebetasun, kar, ikasketa eta bertute arrunteko gizonak” ziren, leku eta garai guztiz aparteko batean jardutea suertatu zitzaienak.

Fraideek soldadu pare baten laguntza izaten zuten misioetan; edo gehiagorena, indio talderen batek alde egin eta haien bila joan behar bazen. Horrez gain, misiolariak zein misioko indioak babesteko, eta indio jentilen edo atzerritarren erasorik egonez gero muga defendatzeko, presidio ilara luzea ezarri zen San Agustindik San Frantziskorainoko bide guztian. Oro har, misiolariek beharrezkotzat zeuzkaten presidioak, baina haietara bidalitako jende mota zela-eta tirabira handiak sortu izan ziren agintari erlijioso eta zibilen artean. Sarri kexatu izan ziren fraideak kasta baxueneko jendea bidaltzen zutelako Mexikotik, askotan kartzelatik atera berriak, indioentzako etsenplu txarra fraideen ustetan.

Indioen kontrako tratu txarren eta zigorren aipamenak asko dira bai garaiko paperetan bai misioen inguruan sortu den literatura ugarian. Fraideentzat, kristautasunean eta lan gogorrean “hezi” beharreko umeen parekoak ziren indioak. Eta horretarako beharrezkotzat jotzen zen zigorra, umeen kontrako zigorra beharrezkotzat jotzen zen bezala. Jakina da misioetan girgiluak edo zepoak erabiltzen zirela desobeditzen zuten indioak zigortzeko. Alabaina, Kaliforniako biztanle natiboen jaitsiera dramatikoa ez zen zigorren eraginez gertatu, gaitzen zabalkundeagatik baizik. Interes hutsak ere zuhurki jokatzera bultzatzen zituen fraideak eta agintari zibilak. Izan ere, Espainiaren politika kolonial guztiaren ardatza indioa zen. Bertako biztanleekin populatu nahi ziren kolonia berriak, ez espainiar jatorriko biztanleekin. Eta haien garapen espirituala eta materiala eskatzen zituen horrek. Boltonek idatzi bezala:

 “…Misioek indioen biziraupena [preservation] bilatu zuten, inolaz ere ez, anglo-amerikarren fronteran gertatu zen bezala, haien suntsipena. Ingeles kolonietan indio on bakarrak hildako indioak ziren. Espainiar kolonietan, aldiz, indioak hobetzea merezi zuela pentsatzen zen, nola mundu honetarako hala hurrengorako”.

Fraideek eratutako misio-sistema errealitatearekin talka egin zuen beste utopia bat izan zen. Misioak ez ziren izan gaur Kaliforniako foileto turistikoek erakusten dituzten oasiak, eta erantsi zaien erromantizismo geruza zulatu beharra dago haien errealitatera iristeko. Baina haien gainera jaurtitako legenda beltzaren kraka ere arraskatu beharra dago, ikuspegi zuzen samar bat eduki nahi bada.


Beste irakurketa batzuk

“Teologo berriak Kalifornian: utopiaren eta errealitatearen artean”, Idoia Arrieta Elizalde.

Bibliografia

ARRIETA ELIZALDE, Idoia (2004). Ilustración y Utopía. Los frailes vascos y la RSBAP en California (1769-1834), Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Donostia.

BOLTON, Herbert Eugene (1917). “The mission as a frontier institution in the Spanish-American colonies” in The American Historical Review, XXIII. lib., 1. zenb.,  42-61.

GARIKANO, Asun (2013). Kaliforniakoak (1533-1848), Pamiela, Iruñea.

GEIGER, Maynard (1969). Franciscan Missionaries in Hispanic California, 1769-1848, The Huntington Library, San Marino, Kalifornia.

LAMADRID Jiménez, Lázaro (1963). El alavés Fray Fermín Francisco de Lasuén. O.F.M. (1736-1803). Fundador de Misiones en California, 2. lib., Diputación Foral de Álava.

LASUÉN, Fermín Francisco de (1965). Writings of Fermín Francisco de Lasuén, I eta II.Finbar Kenneally ed., Academy of American Franciscan History, Washington D. C.

OMAECHEVARRIA, Ignacio (1959). Fr. Pablo José de Mugártegui, Desclée de Brouwer, Bilbo.

SOLAGUREN, Celestino OFM (2007). Los Franciscanos vasco-cántabros en el siglo XIX. Vicisitudes y nomenclador bio-bibliográfico, II. lib., Arantzazu, Oñati.