Itsas Esplorazioa: 1533-1685

1533: Kaliforniako lurra zapaldu zuen lehenengo europarra: Fortún Ximénez de Bertandona

Regnum Quivira. Cornelis de Jode, 1593.

Hernán Cortések “Iparralde Misteriotsua” aztertzera bidalitako Concepción ontziaren pilotua zen Fortún Ximénez de Bertandona. Hegoaldeko Itsasoa (Ozeano Pazifikoa) esploratu behar zuen espedizioak, eta Atlantikoa eta Pazifikoa lotzen omen zituen Aniango itsasarte legendarioa bilatu, uste zabaldua baitzen hura aurkitzen zuenak bide zuzena izango zuela Ekialde Urruneko aberastasunetara.

1533ko azaroaren 30ean abiatu zen Concepción ontzia Manzanillo (Mexiko) ondoko Santiago portutik, Diego de Becerra kapitainaren aginduetara. Euskaldun gehiago ere baziren eskifaian, haien artean Ximénez pilotuaren anaia Pedro. Bidaian zehar, kapitainarekiko harremanak okertzen joan ziren. Becerra kapitaina, izan ere, Díaz del Castillo kronistaren hitzetan, «era muy soberbio y mal acondiçionado». Gaizki konpontzen zen ontziko gizon gehienekin, eta Ximénezek matxinatzea erabaki zuen beste marinel euskaldun batzuekin bat hartuta. Gau batean Becerra eta haren lagun batzuk hil, eta Ximénezek berak hartu zuen kapitaintza.

La Paz hiria, Baja Californian.

Ipar-mendebalderantz jarraitu, eta badia lasai batera heldu ziren. Gaur egungo La Paz portua zen, Baja California penintsularen hegoaldeko puntan. Ur premian zeudenez, Ximénez lurrera jaitsi zen hogeiren bat gizonekin. Europarrek Baja Californiako lurra zapaltzen zuten lehen aldia zen. Jarraian zer gertatu zen ziur jakiterik ez dago. Perlak lapurtzen hasi zirelako, edo emakumeez abusatzen, natiboek hil egin zituzten Fortún, bere anaia Pedro eta lurrera jaitsitako beste guztiak.

Bizirik ateratzea lortu zutenak Kaliforniako perlategi oparoak goraipatuz itzuli ziren Nueva Españara. Luzaroan, perla haiek izango ziren Kaliforniaren xarmarik handiena.


1565: Andrés de Urdaneta: 7.644 milia itsaso ezezagunean barren

Andrés de Urdaneta. Egilea: Antonio Valverde “Ayalde”.

Manilako Galeoia zela eta hasi zen Kalifornia garrantzia hartzen espainiar agintarientzat XVI. mendean. Metal preziatu eta Ameriketako beste gai batzuekin kargatuta ateratzen zen Galeoia Acapulcotik urtearen hasieran, eta espeziaz, zetaz, Txinako portzelanaz eta beste hamaika produktu exotikoz gainezka itzultzen zen Filipinetatik udako montzoien garaian. Benetako altxor-ontzi bat zen, eta haren joan-etorria ziurtatu beharra zegoen; edo, zehatzago esanda, haren itzulera.

Galeoi espainola. Egilea: Alberto Durero.

Izan ere, ontziak aise joaten ziren Ameriketatik Filipinetara, baina itzulera –el tornaviaje– beste kontu bat zen, kontrako haize eta korronteen erruz. Garaiko itsasgizonik handienak, Magallaes eta Loaísa, Saavedra, Grijalva eta López de Villalobos, saiatuak ziren arruta bat aurkitzen; baina ezinezkoa zirudien Pazifikoa mendebaldetik ekialdera zeharkatzea.

Hartan, Felipe II.a erregeak beste ahalegin bat egitea erabaki zuen 1559an. Mexikotik, Luis de Velasco erregeordeak ahalegin hura egiteko gizonik egokiena proposatu zuen: Andrés de Urdaneta, “…que es la persona que mas notiçia y speriençia tiene de todas aquellas yslas y es el mejor y mas çierto cosmographo que ay en esta Nueua Spaña”.i  Ez zeukan ahaztuta Velascok urte batzuk lehenago, hainbeste espedizioren porrota ikusita, Urdanetak esandakoa: itsasontzi bat ez ezik gurdi bat ere itzularaziko zuela berak Filipinetatik, aukera emanez gero.

Urdanetak ezarritako arruta erakusten du mapak.

1565eko ekainaren 1ean, San Pedro Cebuko portutik abiatu zen hamar soldadu eta berrehun marinelekin, haietatik gutxi gorabehera herena gipuzkoarrak. Hegoalderanzko bidea hartu ordez, ordura arteko ontziek bezala, iparralderantz jo zuten, montzoiak alde zituztela. Uztailaren 1ean 24°-ko latitudean zeuden, Taiwan parean gutxi gorabehera. Abuztuaren 3an 39°-ra iritsi ziren, eta handik 42°-raino jarraitu zuten. Itzulinguru handia zen, eta bidea luzatzen zuen, baina era horretan aurreko espedizioentzat etsai izandako haize alisioak saihesten zituzten. Handik aurrera, ontziak ekialdera jo zuen, Kuro-Shivo korronteari jarraituz, gaur egungo Estatu Batuetarantz. 1565eko irailaren 26an jo zuten begiz lurra, Mendocino lurmuturraren latitudean, gaurko San Franciscoren iparraldean. Gero, Mexikoko kostaldean behera nabigatu, eta urriaren 8an Acapulcoko portuan sartu ziren, lau hilabete luzeko bidaiari bukaera emanez.

Urdanetaren tornaviajeak ohorezko lekua merezi du nabigazioaren historian. Inoiz ez zen halako bide luzerik egin –7.644 milia– itsaso ezezagunean barrena. Ezarrita geratu zen, horrenbestez, Galeioak ia bi mende eta erdiz jarraituko zuen bidea, munduko merkataritza-biderik zaharrenetakoa.


1587: Pedro de Unamunoren bidaia ahaztua

Manilaz ezagutzen den lehen irudia, XVII. mendeko egurrezko kutxa batetik hartua. Museo Julio Bello y González, Puebla, Mexiko.

Manilako Galeoiarentzat Kalifornian portu babestu bat bilatzeko instrukzioekin abiatu zen Pedro de Unamuno soraluzetarra Manilatik 1586an. Bidean, gainera, Pazifikoaren erdian omen zeuden Rica de Oro, Rica de Plata eta Armeniarraren irlak topatzen saiatu behar zuen. Bidaia luzerako ontziratu zirenen artean izen handiko fraide euskaldun bat zegoen: frai Martín Ignacio Loiolakoa, santuaren iloba. Gutxienez beste bi herritar ere, Juan de Aranguren eta Joanes de Uranzu, eskifaiaren parte ziren.

Macaora ez jotzeko aginduak zituen Unamunok, garai hartan portugaldarrek zeukatelako haren jabegoa, baina, argitu gabeko arrazoiengatik, haraxe jo zuen, eta atxilotu eta ontziak kendu zizkioten. Aske utzi zutenean, Nuestra Señora de Buena Esperanza fragatatxoa erosi zuen, seguru aski frai Martínen diru-laguntzari esker, eta Macao utzi ahal izan zuen 1587ko uztailaren 12an.

Ustez Pedro de Unamuno lehorreratutako lekua, gaur egungo Morro Baytik hurbil, Mugarri Historiko deklaratu zuen Filipino American Historical Societyk 1995ean.

Fragata kaskarregia zen halako zeharkaldi baterako, eta etengabe konponketak egiten jardun behar izan zuten hiru hilabetetik gorako bidaian. 1587ko urriaren 18an jo zuten begiz, azkenik, Kaliforniako kosta, eta San Lucas izenez bataiatu zuten badia batean lehorreratu ziren (gaur egungo Morro Bay inguruan).

Ez zen erraza izan fragatatxoan ozeanoa zeharkatzea. Gainera, San Lucas inguruetan eman zituzten hiru egunetan Pazifikotik heldutako beste edozein europar baino gehiago barneratu ziren lurraldean. Baina Unamunok egindako ahaleginari ez zitzaion etekinik atera: San Lucas badiaren izenik ez zen agertu mapetan, eta Galeoiak ere ez zuen portu hura inoiz erabili. Gaurko historialarientzat, Unamunok idatzi zuen egunerokoagatik da bidaia hura aipagarri, gisa horretako lehenengoetakoa baita, eta informazio baliotsua eskaintzen baitu europarren eta kaliforniarren lehen kontaktu haiei buruz.


1587: Tomás de Alzola eta kortsario ingelesa buruz buru

Sir Thomas Cavendish.

Francis Drake kortsarioa Nueva Españako eta Peruko herri nahiz ontziei erasotzen ibilia bazen ere, espainiarrak Pazifikoaren jabe sentitzen ziren eta ez zuten uste ur haietan inork kalte egin ahal zienik. Horregatik, Santa Ana galeoiarentzat erabat uste gabekoa izan zen Thomas Cavendish kortsario ingelesaren erasoa.

Santa Anak lau hilabete eta erdi inguru zeramatzan ur gainean, 1587ko azaroaren 14an, San Lucas parean, gabiara igota zihoan zelatariak Cavendish kortsario ingelesaren Desire eta Content ontzien bandera zuri-gorriak ikusi zituenean. Ondasunez karga-karga eginda zetorren galeoia Manilatik, eta aise harrapatu zuen Cavendishek. Galeoiko kapitaina, un Vizcayno llamado Thomas de Arzola, Antonio de Sierra marinelak geroago aitortu zuenez, erasoari eusten saiatu zen, baina alferrik izan ziren bere ahaleginak.

Santa Anaren harrapaketa.

Santa Anako jende guztiari bizia barkatuko ziola hitzeman zuen 27 urteko Cavendish gazteak, baina ez zuen esandakoa bete. Bidaiarien artean zihoan Manilako kalonjea, Juan de Armendariz izeneko beste vizcaíno bat, estaia nagusiko beso batetik zintzilikatu zuen kortsario ingelesak, eta itsasora botarazi zuen gero haren gorpua.

Sei egun behar izan zituzten perlak, zetak, brokatuak, espeziak eta beste, galeoitik ontzi ingelesetara pasatzeko. Ondoren, Santa Anari su eman, eta bere bidaia jarraitu zuen Cavendishek. Aipagarria da, lehorrean abandonatuta geratu zirenen artean, beste vizcaíno bat zegoela, laster Kaliforniaren esplorazioaren historiako protagonistetako bat bihurtuko zena: Sebastián Vizcaíno.

Santa Anaren hondamena Manila eta Acapulco arteko merkataritzak bi mendetik gorako historian pairatutako galerarik handiena izan zen. Aurreneko aldiz, espainiarrek zalantzan ikusi zuten Pazifikoaren jabegoa eta lehentasuna eman zioten Nueva Españako ekonomiarentzat hain garrantzitsua zen galeoia babesteari eta Kalifornia okupatzeari.


1596-1603: Sebastián Vizcaíno Kaliforniaren historian sartzen da

Sebastián Vizcaíno.

Thomas Cavendish kortsario ingelesak Santa Ana galeoia lapurtu ondoren, argi geratu zen alferrik zela Manilatik karga-karga iristen ziren galeoiekin esploratu nahi izatea Kaliforniaren iparraldeko kostaldea. Hurrengo espedizioa ontzi arinagoekin egingo zen, eta Nueva Españatik bertatik aterako zen. Sebastián Vizcaíno izango zen ahalegin berriaren buru, “talentu harrigarriko soldadu euskalduna”,i  Richard F. Pourade historialariaren hitzetan. Vizcaínok kostaldea aztertu eta  Kalifornian kolonia bat ezartzen saiatu beharko zuen.

1596an abiatu zen ziren Acapulcoko portutik espedizioa osatzen zuten hiru ontziak. Iparralderantz nabigatuz, gaurko La Paz (Baja California) hiria dagoen lurra hautatu zuten koloniarentzako kokaleku. Alabaina, hornigai faltak, indioen etsaitasunak eta kanpamenduan gertatutako sute batek bere helburua bete gabe itzultzera behartu zuten Vizcaíno.

Sebastián Vizcaínoren espedizioak.

1601ean, erregeordeak, Monterreyko kondeak, beharrezkotzat jo zuen beste espedizio bat antolatzea Kalifornia hartan “benetan zer zegoen” behin betiko erabakitzeko. 1602ko maiatzaren 5etik 1603ko martxora arte luzatu zen bidaian zehar, Vizcaínok 40º-ko latitudean kokatutako Mendocino lurmuturreraino iristea lortu zuen, Kaliforniaren kanpoko kostalde guztia mugatuz  eta izendatuz. Izen haietako askok gaur arte iraun dute: San Diego, San Pedro badia, Santa Barbarako kanala, Carmel ibaia, Santa Lucia mendiak, Monterreyko badia…

Nahiz berrogei gizonetik gora galdu, eta bizirik atera zirenek sufrimendu latzak pairatu, Nueva Españan arrakastatzat jo zen bidaia. Vizcaínok berak hitz hauekin laburtu zizkion erregeari bere lorpenak: “Zehatz-mehatz deskubritu nuen kostalde guztia, badia, uharte edo senadirik utzi gabe zundatu eta mugatu barik”. Gainera, Monterreyko badiaz egindako deskribaketa laudoriotsuekin, erregeordea kobentzitzea lortu zuen han kokaleku iraunkor bat ezartzeko; baina erregeorde aldaketarekin bertan behera geratu zen asmoa, eta beste 167an ez zuten lortu espainiarrek Kalifornian kokaleku bat ezartzea.


1615-1616: Perla-bilatzaile bat kortsario holandarraren garaian: Juan de Iturbe

Sebastián Vizcaínoren espedizioen ondoren, eta erregeordeak Monterrey okupatzeko asmoa baztertu eta gero, Kalifornia ia erabat isolaturik geratu zen, perla-bilatzaile, kortsario eta piraten bisitengatik izan ezik.

Sevillan, 1611n, Cardona konpainiak Kaliforniako perlen monopolioa bereganatu zuen hamar urterako. 1613ko uztailean abiatu ziren Cádiztik ozeanoa zeharkatu behar zuten sei ontziak. 1614an, Veracruzen zeudela, Francisco Basilio kapitaina hil egin zen, eta Juan de Iturbek hartu zuen haren postua.

Joris Van Spilbergen 1568-1620.

Hurrengo urtean, perla bila abiatzekotan zeuden, baina hotsa heldu zen kortsario holandarra Hegoaldeko Itsasoan sartu, Magallaeseko itsasartetik, eta Nueva Españarantz zihoala Peruko kostaldea erraustu ondoren. Joris van Speilbergen kortsarioaren gizonak ziren, pichilingüe* zeritzenak. Horrek bi hilabetetik gora atzeratu zuen perla-bilatzaileen bidaia. Azkenean, martxoaren bukaeran, pichilingüeen aztarnarik ez zenez,  hiru ontziek Kaliforniarantz abiatzeko baimena jaso zuten.

Jorge Van Speilbergen-en flota. XVII. mendeko grabatua. Aike Biblioteca Digital de la Patagonia http://www.bibliotecadigital.umag.cl.

Urte pare batez, perlak bilatzeaz gain, Iturbek Kaliforniaren barnealdeko kostaldea esploratu zuen. Zorte ona lagun zuela, itxura guztien arabera. Cardonatarren ontzietako bat, San Francisco, kortsarioaren eskuetan erori zen 1615ean, baina Iturbek perla bila jarraitu ahal izan zuen. Miguel Venegas historialariak dio Iturbe Mexikora heldu zenean “zekartzan perlen ospearekin” bete zuela hiria.

*Hainbat nazionalitatetako piratei, hala holandarrei nola ingelesei, indioek ematen zieten izena. Ez da ziurra hitzaren jatorria. Teoria batek dio speak in english-etik datorrela, alegia, piratek indioen aurrean errepikatzen zuten agindutik.


1683-1685: Isidro de Atondo, Kalifornia kolonizatzeko lan nekezaren aurrean

1615ean hasi eta hirurogei urtez, perla-bilatzaileak izan ziren Kaliforniako bisitari nagusiak. Koroarekin sinatutako kontratuak lurraldea esploratzera eta Kalifornian koloniak ezartzera behartzen zituen, baina urtea joan, urtea etorri, helburuak bete gabe jarraitzen zuen. Azkenean, 1678an, beste era bateko kontratua erredaktatu zen: benetako ahalegina egingo zen, gobernuak finantzatutakoa, Kalifornia kolonizatzeko. Hurrengo urtean, proiektua aurrera eramango zuen gizona hautatuta geratu zen: Isidro de Atondo y Antillón almirante nafarra.

Guaycurak. Noticia de la California, Miguel Venegas, 1757.

Lau urtetik gora joan ziren prestalanetan. Baina heldu zen azkenean abiatzeko ordua. Chacalako portuan, 1683ko urtarrilaren 17ko gauerdian, La Concepción ontzi buruzagiak eta San José y San Francisco Xavier almirantak belak zabaldu eta Kalifornia aldera jo zuten. Ehun lagunetik gora zihoazen bi ontzietan banatuta, indio bataiatu batzuk ere bai tartean, gizon eta emakume, sukaldean eta bestelako morroi eta neskame lanetan ari beharko zutenak.

Penintsula kolonizatzeko bi ahalegin egin zituen Atondok, lehenengoa La Pazen eta bigarrena San Brunon; baina natiboekiko istiluek, hornigaien eskasiak eta lurraren antzutasunak beren asmoa bertan behera utzi eta kontinentera itzultzera behartu zituen kolonizatzaileak.

“Delineación de la nueva provincia jesuita de San Andrés y de las islas de las Californias o Carolinas…”. AGI,MP-MEXICO,76.

Mexikoko agintariek alferrik galdutzat eman zituzten ahalegin hartan inbertitutako 225.000 pesoak, sekulako dirutza garai hartarako. Baina ezin da esan dena alferrik izan zenik. 1684ko abenduan, Pazifikora arteko lehen bidea ireki zuen Atondok zuzendutako talde batek, Sierra de la Giganta eta beste hamaika oztopo gaindituta. Horrenbestez, Baja California gurutzatu zuten lehenengo europarrak bihurtu ziren. Gainera, Kaliforniako lehenengo misio gunea ezarri zuten. Handik urte gutxira, hantxe, Atondoren San Bruno egondako tokian, Juan María Salvatierra jesuitak Loretoko misioa fundatu zuen, Baja eta Alta Californiako misio guztien Burua eta Ama izango zena.