Itsas esplorazioak II: 1775-1794


Nuestra Señora de Aranzazu fragata

Nuestra Señora de Aranzazu Caviten (Filipinak) eraikitako 205 tonako pakebote bat izan zen aurrena. 1781ean hasi zen San Blaseko (Mexiko) zereginetan, eta 1788an karenatu, zazpi oin gehitu brankan, eta fragata gisa armatu zuten. 1784tik 1792ra hogeita hamar bidaiatik gora egin zituen Kaliforniako misioak eta presidioak hornitzeko.

“Carte Générale Des Découvertes De l’Admiral de Fonte representant la grande probabilité d’un Passage Au Nord Ouest” (1772). Fonte Almirantearen itsasarte legendarioaren mapa, Dideroten Entziklopedian argitaratua (Paris, 1779). Egilea: Didier Robert de Vaugondy.

Aranzazukmisio garrantzitsu bat izan zuen 1792ko Expedición de los límites delakoan: Fonte Almirantearen itsasarte legendarioaren  kokapen zehatza marraztu behar zuen; alegia, Pazifikoa eta Atlantikoa lotzen omen zituen itsasartea, aurrez ere hainbat eta hainbat espedizioaren jomuga izandakoa. Nootkatik ekainaren 13an abiatuta, Aranzazuk Bucareli badia aztertu zuen aurrena. Gero, hegoalderantz jo, eta sarrera, uharte, eta itsasarte guztiak arakatu zituen. Hecate itsasartea gurutzatu, eta Principe itsasartean ere barruratu zen, halako ontzi zabal batentzat estuegia izan arren. Labur esanda, bazter guztiak miatu zituen, baina ez zuen Fonte Almirantearen itsasartearen aztarrenik aurkitu.

Uda aurrera zihoan, gero eta zailagoa zen ur haietan nabigatzea eta esplorazio-lanarekin jarraitzea euri, ekaitz eta lainoagatik, eta, ahalegin guztia alferrikakoa zela etsita, Aranzazuk itzulerari ekin zion. Irailaren 7an, Nootkan zen atzera, 86 eguneko itsasaldiaren ondoren.

Handik aurrera, gisa hartako abenturak utzi, eta lan apalagoetan jardun zuen Aranzazuk, batik bat Goi Kaliforniako frantziskotar misioen ilara gero eta luzeagoa  hornitzen.

Citations

TOVELL, Freeman (2008). At the far reaches of Empire: The life of Juan Francisco de la Bodega y Quadra, UBC Press, Vancouver, Toronto

GARIKANO, Asun (2013). Kaliforniakoak (1533-1848), Pamiela, Iruñea


Atanasio Echeverria

1792ko Expedición de los límites izenekoan ez ezik, beste espedizio garrantzitsu batean ere partu hartu zuen Atanasio Echeverria artista eusko-mexikarrak: Jose Mariano Mociñok eta Martin de Sessek zuzendutako La Real Expedición Botánica aNueva España delakoan. Garaiko espediziorik interesgarrienetakoa izan zen hura, iraupenagatik, hartutako eremuagatik eta bildutako material guztiagatik. Sesse botanikariari bereziki goresgarriak iruditu zitzaizkion Echeverriaren marrazkiak. Haren landare, txori, tximeleta eta arrainak paregabeak ziren beren edertasun eta zehaztasunagatik. Sessek idatzi zuenez, egun bakar batean lau landareren eta tximeleta baten marrazkiak bukatu zituen Echeverriak, eta tximeletarena hain zen xarmagarria ezen orritik hegan alde egiteko zorian baitzirudien. Hemezortzi urte bete gabea zen Echeverria orduan. Alexander von Humboldt naturalistak, aurrerago, honela idatzi zuen euskal jatorriko artistaren lanei buruz: «Europan sortutako era horretako lanik bikainenekin lehia daiteke».

 Bada Echeveria izeneko landare genero handi bat, Crassulaceae familiakoa, 393 espezietik gora hartzen dituena, eta jatorriz Mexikotik Hegoamerikaren ipar-mendebaldera artekoa. Atanasio Echeverria artista botanikoari zor dio izena.

Citations

ENGSTRAND, Iris H. W. (2005). «Perception and Perfection: Picturing the Spanish and Mexican Coastal West» in The Western Historical Quarterly, 36. lib., 1. zenb., 4-21. http://www.jstor.org/stable/25443099.

GARIKANO, Asun (2013).“Bi lore euskaldun,” in Erlea 7, Euskaltzaindia, Pamiela, Iruñea.


Ignacio de Arteagaren 1779ko espedizioa

Ingelesen eta errusiarren presentziari buruzko zurrumurruek bultzatu zuten Antonio Maria de Bucareli y Ursua erregeordea Pazifikoaren Ipar-mendebaldearen hurrengo esplorazioa antolatzera. Ignacio de Arteaga komandante zela, bi fragatak hartu zuten parte bidaian, Favoritak eta Princesak –azken hau Francisco de Segurolak eraikia San Blas de Nayariten (Mexiko)–, biak ere aurreko espedizioetako ontziak baino erosoagoak eta azkarragoak, bidaia luzeetarako hobeto prestatuak, eta ingelesei aurre egiteko ere ekipatuak haiekin gertatuz gero. Komandanteak, Arteagak, Princesako 98 gizonen kapitaintza hartu zuen. Favoritako 107 gizonen agintea, berriz, lehenago ere itsaso haietan ibilitako Juan Francisco de la Bodega y Quadra eusko-peruarraren eskuetan geratu zen. Kaliforniako portuetan joan-etorri asko egindako beste euskaldun bat, Juan Bautista Aguirre, Favoritako bigarren pilotua izango zen.

“Esta Carta Reducida contiene la Costa Septentrional de la California desde la Latitud de 59 grad[o]s de 30 minutos norte hasta los 61 grados de la misma especie, descubierta en el año de 1779 por las Fragatas de S[u] M[ajestad] C[atólica] nombradas Princesa y Favorita, mandadas por los Thenientes de Navío D[o]n Ygnacio Arteaga y D[o]n Juan Francisco de la Bodega y Quadra…” Archivo General de Indias (AGI) MP-MEXICO,355. © Ministerio de Cultura y Deporte – Gobierno de España.

Bi fragatak 1779ko otsailaren 11n atera ziren San Blaseko portutik, 15 hilabeterako hornigaiekin, eta agindu zehatzekin: kostatik urrun nabigatuz, Ipar latitudeko 70°-ra iritsi behar zuten, 50°-tik 70°-ra arteko lurraz jabetuz formalki. 61° N-raino heldu ziren azkenean, eta bi aldiz hartu zuten lurraren jabetza, Puerto de Santiago eta Ensenada de Regla izendatutako lekuetan; horrez gain, Kaliforniaren iparraldeko kostaldearen eta Alaska arteko Columbia Britainiarraren deskribapen kartografiko zehatza egin zuten. Euskal izenak ez dira gutxi haien mapetan. Arteagak Pamplona izena eman zion hondarpe bati. Bucareli badiaren mapan, Golfo de Esquibel izenekoa dago (Arteagaren amak Esquibel zuen abizena). Bodegak eta biek marraztutako «Carta reducida de la costa septentrional deCalifornia» delakoaren toponimian ere hainbat izen euskaldun daude: Punta Ureta, Punta Eguia etab. «Plano de la ensenada de Nuestra Señora de la Regla» delakoan, 59°-ra,Arriaga izena darama uharte batek.

Zehaztapen horiek guztiak, mapetan eta planoetan ez ezik, ofizialen eta fraideen egunerokoetan ere badatoz. Baina eguneroko horiek beste datu interesgarririk ere eskaintzen dute, hots: itsaso eta lur haietako florari eta faunari buruzko datuak, baita aurkitutako herrien ohitura, gizarte antolaketa, hizkuntza eta abarri buruzko berriak ere.

Bucareli portua

Princesa eta Favorita uste baino lehen, 81 eguneko itsasaldiaren ondoren heldu ziren Kanadako mendi elurtuen parera, Bruno de Hecetaren 1775eko espedizioan kostaldeaz eta klimaz hartutako esperientziari esker. Maiatzaren 3an bota zuten aingura Bucareli portuan (Alaskako hego-ekialdea), eta lehen harremanak izan zituzten hango biztanleekin. Arteagaren egunerokoan irakur daitekeenez:

«Ainguratu orduko, indioak etorri zitzaizkigun bi kanoatan, baina ez zuten amarratu nahi izan. Keinuak egiten zizkiguten besoak zabaldurik, eta oihu egiten zuten denek bat hartuta, kantari ari balira bezala. Batek hildako hegazti bat zekarren eskuetan, eta lumatxoak kendu eta airean sakabanatzen zituen, eta gero bere eta besteen burura botatzen zituen. Gure lagunak izan nahi zutela adierazi nahian ari zirela jo genuen, eta dei eginez eta gozotasun handiz (“haciéndoles muchos cariños”) erantzun genien, eta gauza batzuk eskainiz, baina ez zuten amarratu nahi izan, eta iruditu zitzaienean joan egin ziren”.

Maiatzaren 13an meza eman zuten, eta, Arteagak berak dioenez, bederatzi kanoatan etorritako indioak, gizon, emakume eta ume, guztira hirurogeita hamarren bat lagun, zeremoniaren lekuko izan ziren. Denak ere asko harritu omen ziren bi fragatetan etorritako gizonak belauniko errezatzen ikustean. Juan Bautista Aguirrek, Favoritako bigarren pilotuak, beste xehetasun batzuk gehitzen ditu bere egunerokoan: ontzira itzuli baino lehen festa egin zutela hondartzan, eta ontziratutakoan kanoikada bat bota zutela. Kanoikadarena indioei errespetua sartzeko planen barruan zegoen. Ez zuten nahi, Hecetaren espedizioan «Martirien puntan» gertatu bezala, indioen eraso batek ustekabean harrapatzerik.

“Plano de la insigne entrada y Puerto de Bucarely […] esta entrada fué descubierta en el año de 1775 con la Goleta Sonora mandada por el teniente de Fragata Don Juan Francisco de la Bodega y Quadra explorado este Puerto en el año de 1779 por los oficiales y pilotos de las dos fragatas de S.M.C. nombrados Princesa y Favorita mandada la primera por el Teniente de Navio Don Ignacio Arteaga y la segunda por el de la misma clase Don Juan Francisco de la Bodega y Quadra.” AGI, MP-MEXICO,358. © Ministerio de Cultura y Deporte – Gobierno de España.

Esploratzera bidalitako taldeak bere lanean ziharduen bitartean, epidemia larri bat zabaldu zen Princesan, hainbat hildako eragin zituena. Hala moduzko ospitale bat atondu zuten lurrean gaixoak zaintzeko, eta horrek natiboekiko trukeak eta harremanak areagotzea ekarri zuen. Indioek arraina, zuhaitz azalez egindako esterak edo itsas txakur, igaraba, orein edo hartz larruak ekartzen zituzten. Haien trukean, ohiko ispilutxo edo kristalezko ale guztiak baino askoz nahiago zuten beste zerbait: «Toda su estimaciónla ponían en el fierro»,dio Aguirrek. Kolkoan zintzilik zeramatzaten sastakai modukoak egiteko baliatzen zitzaien burdina, besteak beste. Halako estimazioa zioten, ezen ahal zutenero lapurtu egiten baitzuten.  Aguirre indioen etengabeko lapurretez kexatzen da: «Como son tan inclinados al rovo esto los hace mui subtiles en talmaldito exercicio»; baita haien lotsagabekeriaz eta burlez ere. Egunak aurrera, gero eta ausartago hurbiltzen zitzaizkien indioak, kanpotarren armek hotsa atera bai, baina beste kalterik egiten ez zutelakoan. Halako batean, espedizioko kideek ertzean altxatutako gurutzea botatzera ere ausartu ziren, iltzeak kentzeagatik. Kargu hartu zitzaienean, indioetako batek esan zuen espainiarrak zirela handik alde egin behar zutenak, berak zirela-eta itsaso eta lur haien jabe.

Une larririk ere bizi izan zuten Bucarelin egon ziren bitartean. Marinel batzuek txalupa hartu eta ertzera joan ziren arropa garbitzera, soldadu batzuek lagunduta, eta, fragatara itzultzeko ordua iritsi zenean, taldeko bi falta zirela konturatu ziren. Indioek bahitu zituztela uste izan zuten, eta, trukea egiteko, preso hartu zuten haietako bat. Ondorengo zalapartan, indioen kanoa batzuk irauli, fragatatik tiro batzuk ere egin, eta bi indio hil ziren. Falta ziren bi gizonak azaldu zirenean, beren borondatez alde egin zutela aitortu zuten. Arteagak ehuna azote emateko agindu zuen, espedizioari arrisku hura pasarazteagatik.

Trukatze bereziagoak ere egin ziren natiboen eta espainiarren artean. Aita batek bere alaba eman zuen oihalezko kasaka baten eta bi upel uztairen truke. Bederatziren bat urteko neskatoa zen, eta fraideetako batek hartu zuen haren ardura, kristau ikasbidera ekartzeko eta garaia heldutakoan bataiatzeko. Beste egun batean, Favoritakoek «un Indito de cuatro a cinco años» bereganatu zuten «sin que ninguno le hubiese hecho fuerza», Aguirrek dioenez. Hasieran, burdinarekiko grinagatik saltzen zituztela umeak uste izan zuten, baina laster konturatu ziren ume sanorik ez zutela eskaintzen; nahi ez zituzten umeak zirela denak. Bodega bera ere bederatzi edo hamar urteko mutiko batez jabetu zen, errukiak bultzatuta, berak dioenez, eta ahal zen neurrian babesa eta heziketa eskaintzeko asmoz. Bere izena jarri zion, Juan Francisco. Ume haiek guztiak itsasoan edo San Blasera heldu orduko hil ziren, Bodegaren mutikoa izan ezik. 1783an Bodegarekin joan zen Perura, eta gero fraide batek hartu zuen haren ardura, Bodega Espainiara joan zenean 1784an.

Iparralderanzko nabigazioa gero eta zailagoa bilakatzen da

Ekainaren erdialdean abiatzekotan ziren Bucareli badiatik, baina, kontrako haizeak zirela eta, hamabi egun luzez atzeratu behar izan zuten irteera, eta Pazifikoaren Ipar-mendebaldean nabigatzeko garairik onena alferrik galdu zutelako irudipenarekin egin zuten itsasora uztailaren 1ean. San Bartolome lurmuturra inguratu orduko, aurrera egitea eragozten zuten haizeak izan zituzten. Tarteka, laino-gune trinkoek lurra ezkutatzen zuten, eta bi ontziek bistaz galtzen zuten elkar nahiz bertatik bertara egon. Zeru estaliak ezinezko egiten zuen zeruaren behaketaz baliatzea. Lortzen zuten zerbait aurreratzea, baina nahi baino askoz mantsoago.

Eskifaiaren egoera ere larria zen ordurako. Uztailaren bigarren astean, zirujauak 29 gaixo zenbatu zituen Princesan bakarrik. Garai txarrean heldu zen berria, noiz eta ur ezezagunetan barruratzera zihoazenean, frantsesen eta errusiarren mapak ez baitzetozen bat handik aurrera. Uztailaren 15ean, lurra hurbil zegoelako aztarnak azaltzen hasi ziren, txoriak eta kelp-a, eta hurrengo egunean, 59°-ra helduta, haizea alde eta zerua oskarbi zutela, ikusmira aparta eskaini zien lurrak. Arteagaren hitzetan:

«Goizeko zortzietan, lau mendi geratu ziren agerian, ordura arte estalita egondakoak, denak oso altuak, batez ere iparrekoena, ospetsuenen artean sar daitekeena bere altuera nabarmenagatik. Bai mendi hauek eta bai begi aurrean zabaltzen den kostaldeko lur guztia elurrez estalita dago, hain ikusmira ederra eskainiz, gehienbat eguzkiak bere izpiak igortzen dizkionean, ezen zalantza egiten baitut begientzat gozamen handiagorik aurki daitekeenik».

San Elias zeukaten begi aurrean, Kanadako eta Estatu Batuetako bigarren mendirik altuena. Uztailaren 18an, badia handi bat ikusi zuten. Gaurko Gilen Printzearen badia zen. Aldi berean, Hinchinbrook uhartea ere begiztatu zuten. Han zeudela, bi kanoa hurbildu zitzaizkien gizon banarekin. Arteagak dio harrigarria egin zitzaiela hainbeste barruratzea itsasoan, bosten bat miliara baitzeuden ertzetik. Bi kanoak ontzi nagusira joan ziren aurrena, ozen eta harmoniaz kantatuz, atzerritarrenganako inolako errezelorik gabe. Beren asmo baketsuak argi uzteko, gezi bat hartu eta punta kendu zioten. Arteagak honela deskribatzen ditu:

«Haien jantziak larruzkoak ziren, bizkarretik belaunerainokoak, besodunak; ilea beltza, luzea eta lisoa zuten, altuera ertaina; ondo eginak eta sendoak ziren, eta kolorez zuriak, batek aurpegia gorriz margotuta bazekarren ere; haien hizkuntza eta manerak Bucareli portukoen berdinak ziren ia, eta izaeraz baketsuak eta txeratsuak iruditu zitzaizkigun; arkuak, geziak eta lantzak zekartzaten, denak fintasun handiz landuak, eta gezi puntak hezurrezkoak ziren batzuk, eta beste batzuk kobrezkoak».

Hala ere, Princesako eta Favoritako gizonentzat miresgarriena indioen «kanoak» izan ziren: aurreneko aldiz ikusten zituzten kayak erako ontziak. Arteagak dioenez, forma kurbatukoak ziren, oso ongi eta tinko jositako larru sendoz estaliak. Zulo bat baino ez zuten, lurrezko pegar baten ahoa bezalakoa, eta bakoitzean lagun bat sartzen zen. Kanpotarrak haien aurrean miretsita ikusirik, bi gizonetako batek truke bat proposatu zuen: bietako bati fragatara igotzen uzten bazioten, haiek ere kayakera igotzen utziko zioten bisitarietako bati. Hala egin zuten, ohiko opariak trukatuz. Gainera, bi gizonek informazioa baliotsua eman zieten:

«Keinuka, Iparraldean asko zeudela adierazi ziguten, eta gureak bezalako fragatak esan nahi zutela pentsatu genuen, eta gu bezala jantzitako jendea, eta guk emandako ogia ere bazegoela».

Berriro ere keinuka, zihoazen noranzkoan jarraitzeko esan zieten, eta pasabide bat aurkituko zutela. Errusiarren mapetan ageri zena izan zitekeelakoan, esandako bidetik jo zuten bi ontziek. Baina laster ikusi zuten oso arriskutsua zela, eta ederki kostatu zitzaien atzera egitea.

Santiago, 61° 17′ N

Uztailaren 23an ikusmira zoragarriko leku batean bota zuten aingura. Arteagak batzarrera deituta, garrantzizko erabakiak hartu ziren. Lehenengoa, bertan gelditu, badia aztertu eta haren mapa egingo zela; bigarrena, ontzi bakoitzeko pilotu bat eta hainbat soldadu iparralderago pasabiderik bazegoen begiratzera joango zirela; eta hirugarrena, jabetze-zeremonia egingo zela.

Ohiko solemnitatearekin bete zen hirugarren puntua, eta Santiago izena jarri zioten portuari. Espainiak beretzat hartutako punturik iparraldekoena zen, eta espainiarren subiranotasun errebindikazioen oinarri izango zen hurrengo urteetan.

“Plano del Puerto de Santiago.” AGI, MP-MEXICO,357. © Ministerio de Cultura y Deporte – Gobierno de España.

Gilen Printzearen badian kayaketan etorritako bi gizonen lekukotasunaz gain, bazter haietako europar bakarrak ez zirelako aztarna gehiago ere izan zituen Arteagaren espedizioak. Iparraldeko pasabidearen bila joandakoek natibo batzuk ikusi zituzten hiru banderatxorekin, bat gorria, bestea urdina eta bestea zuria, baina ezin izan zuten jakin nondik atera zituzten. Bestalde, Bodegak, hango gizonen janzkera deskribatzean, kristalezko ale handiz egindako lepokoak zeramatzatela aipatzen du. Berriro ere, ezin izan zuten jakin nork emandakoak ziren. Baina haiek ere esan zieten Favorita eta Princesa baino ontzi handiagoak ikusiak zituztela ur haietan.

Ordurako gizon asko eskorbutoak jota bazeuden ere, Iparralderantz jarraitzea erabaki zuten Arteagak eta Bodegak, ea instrukzioetan agindutako 70°-ra iristerik bazuten. Uztailaren 29a zen bi fragatek Santiagoko portua utzi zutenean.

Nuestra Señora de Regla, 59° 08′ N

Hurrengo ainguralekurainoko bidaia gaitza suertatu zen bi fragatentzat. Sekulako euriak izan zituzten, eta haizeak urakan bilakatu eta ekaitzaren mende egon ziren gau eta egun. Lainoa zertxobait altxatzen zenean ikusi ahal zutenez, kostaldetik hurbil zeuden, uhartez eta harkaitz handiz inguratuta, eta, haietakoren bat jotzeko beldurrez, ez ziren aurrera egitera ausartzen. Azkenean, abuztuaren 1ean, lurra ikusi zuten hego-mendebaldean. Neurketak egin zituzten, 59° 08′ N, eta hartaz jabetzea erabaki zuten. Nuestra Señora de Regla izena jarri zioten lekuari, gaur Elizabeth uhartea. Lurrean, hutsik aurkitu zituzten bertakoen etxolak, eta kayak batean pasatu zen gizon batek ez zuen haiengana hurbildu nahi izan.

“Plano de la Ensenada de Nuestra Señora de Regla.” AGI, MP-MEXICO,356. © Ministerio de Cultura y Deporte – Gobierno de España.

Abuztuaren 6ko gauerdian euri jasak eta haize gogorrak itzuli ziren. Eta abuztuaren 8an, artxipelago batean zeudela, hegoalderantz jotzeko agindua eman zuen komandanteak. Arteagak honela laburtzen ditu arrazoiak:

«Kontuan izanda eguraldia eta inoiz atertzen ez duen euri zitala, etengabeko ekaitz hodeiak, artxipelago batean itxita gaudela, San Blasetik hasi eta 57° 30′-raino […] Kaliforniako kostalde guztia aztertu dudala, 70°-ra iritsi nahirik, iparraldeko pasabidea aurkitu gabe, eta eskifaiaren parte handi bat gaixotuta daukagula, eta gaixotuen kopurua egunetik egunera hazten ari dela etengabeko euri eta hotz gehiegizkoagatik, Mendocino lurmuturrerantz jotzea erabaki dut».

Arteagak beste ofizialekin kontsultatu gabe, berak bakarrik hartu zuen erabakia. Seguru aski, bidaia bukatutakoan Jose de Galvez Indietako Ministroari idatzitako txostenean aipatzen zuen arrazoiagatik:

«Paralisiak jota nengoen… pairatzen ari ginen hotz ikaragarri eta ekaitz indartsuengatik, eta, eguna joan eta eguna etorri, ezinezkoa zen ezer egitea. Jainkoari eskerrak, San Blaseko portu honetara iristeko gai izan nintzen».

Espedizioaren emaitzak

Lau eguneko tartearekin, azaroaren 21ean eta 25ean, heldu ziren bi fragatak San Blaseko portura, bederatzi hilabetetik gora iraundako itsasaldiaren ondoren. Bucareli erregeordeak azken hatsa emana zuen apirilean, eta haren ondorengoak, Martin de Mayorgak, arduradunak zoriondu zituen. Halakoetan egin ohi zenez, promozioa eskatu zen espedizioan parte hartutako ofizial guztientzat, Arteagarentzat izan ezik. Arteagak, izan ere, beste era bateko saria nahi zuen. Baimenik gabe ezkonduta zegoen, eta emaztearentzako eta seme-alabentzako pentsioa nahi zuen, baldin hiltzen bazen. Bodega ontziko teniente izatetik fragatako kapitain izatera pasatu zen, eta familiarentzako pentsioa hitzeman zioten.

Alabaina, espedizioaren balantzea ez zen espero zena izan. Inoiz ez bezalako arretarekin prestatu zen bidaia hura. Ontziak bikainak ziren, itsasgizonak trebeak, jangaiak nahikoa eta gehiegi, zoritxarreko eskorbutoak ez zuen beste batzuetako sarraskirik egin…; baina denbora gehiegi eman zuten Bucareli esploratzen, eta 70°-raino iristeko beharko zituzten udako egunak bidean xahutu zituzten. Gainera, ez zieten behar bezalako garrantzirik eman beste europar batzuen presentzia salatzen zuten aztarnei, koloretako banderatxoei eta kristalezko aleei. Ez zuten jakin James Cook kapitainaren ontziak bazter haietan ibiliak zirela, eta errusiarren kokalekuen aztarnarik ikusi gabe itzuli ziren.

Atzerritarrik ikusi gabe itzuli izanak Espainiaren segurtasun ustea sendotu zuen. Horregatik, eta Ingalaterraren kontrako gerrari lehentasuna emateagatik, hurrengo urteetan ez zen Ipar-mendebaldea esploratzeko beste espediziorik egin. Princesa eta Favorita Kaliforniako misioak eta presidioak hornitzeko garraio-lanean ibili ziren, Agustin de Echeverria eta Juan Bautista Aguirreren agindupean. Bodega Cadizera bidali zuten. Heceta eta Arteaga San Blasen geratu ziren. Bitartean, Ipar-mendebaldeko aberastasunen albistea Europa osoan zabaltzen joan zen. Arteagaren eta Bodegaren 1779ko datuak eta mapak, espainiarren ohiko sekretismoa behingoz baztertuta, argitaratu eta zabaldu egin ziren. Cook kapitainak eskuratutako larruen albisteak ere oihartzun handia izan zuen, eta merkatari-ontzi andana bat jarri zuen Alaskarantz begira.

Dokumentuak

Juan Bautista de Aguirre: «Diario de navegación de Nuestra Señora de los Remedios», AGI, ESTADO, 38 B, N.

Juan Bautista de Aguirre: “Diario de navegación de Nuestra Señora de los Remedios,” AGI, ESTADO, 38 B, N.

«Relacion del viage que en el año de 1779 hizo el teniente de Navio Ignacio de Arteaga a las costas septentrionales de California formada por D. Franco. Antonio Maurelle.» Online Archive of California.

ARCHER, Christon I. (1994). “Los viajes de Juan Francisco de la Bodega y Quadra, 1775 y 1779,” in Coloquio Internacional sobre Bodega y Quadra, Lima.

ARTEAGA y BAZÁN, Ignacio; CAAMAÑO MORALEJA, Jacinto (1975). Colección de diarios y relaciones para la historia de los viajes y descubrimientos, 7. CSIC-Dpto.de Publicaciones.

BERNABÉU Albert, Salvador (1990). Juan Francisco de la Bodega y Quadra: El Descubrimiento del Fin del Mundo (1775-1792), Alianza Editorial, Madrid.

CUTTER, Donald C. (1961). “California, Training Ground for Spanish Naval Heroes” in California Historical Society Quarterly, Vol.40, 2, 109-122. http://www.jstor.org/stable/25155386.

GARIKANO, Asun (2013). Kaliforniakoak (1533-1848), Pamiela, Iruñea.

GOICOECHEA MARCAIDA, Angel (1992). Aportacion vasca al desarrollo de la cartografía de América durante el siglo XVIII, Eusko Ikaskuntza, Donostia.

TOVELL, Freeman (2008). At the far reaches of Empire: The life of Juan Francisco de la Bodega y Quadra, UBC Press, Vancouver, Toronto.

THURMAN, Michael E. (1963). “The Establishment of the Department of San Blas and Its Initial Naval Fleet: 1767-1770” in The Hispanic American Historical Review, Duke University Press, Vol. 43, 1, 65-77. http://www.jstor.org/stable/2510436.

— (1967). The Naval Department of San Blas, New Spain´s Bastion for Alta California and Nootka, 1767. to 1798, Glendale, California.

IZENGABEA, (1918). “An Account of the Voyage Made by the Frigates «Princesa» and «Favorita» in the Year 1799 from San Blas to Northern Alaska,” in The Catholic Historical Review, Vol.4, 2, 222-229. Catholic University of America Press. http:// www.jstor.org/stable/25011566.


Francisco de Elizaren 1791KO Espedizioa

Arct [CC BY-SA 3.0 (https://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0)]

Vancouver uhartearen mendebaldeko badietako bat da Nootka, gaur egun Columbia Britainiarreko zatia (Kanada). Juan Perezen Santiago izan zen han ainguratutako lehen ontzi europarra, 1774an, baina espainiarrak ez ziren lurrera jaitsi, ez lurraldeaz jabetu formalki. Cook kapitainak 1778an bisitatu zuenean, natiboek zilarrezko bi koilara erakutsi zizkioten, seguruenik espainiarrengandik lortutakoak truke edo lapurreta bidez. Espainiarren aldetik, 1789an egin zen jabetze-zeremonia formala. Eta urte horretan izan zuen abiapuntua Nootkako krisia edo auzia deitu izan denak, Nootkako espainiar komandanteak, Esteban Martinezek, hainbat merkatari-ontzi britainiar konfiskatu zituenean. Pazifikoaren Ipar-mendebalde guztiaren gaineko eskubideak eta larru-merkataritzarekin lotutako interes komertzialak zeuden jokoan. Espainiak Pazifikoaren jaun eta jabetzat hartzen zuen bere burua, hara iristen lehena izateak eta jabetze zeremoniek garaiko ohituren arabera emandako eskubideengatik. Britainiarrentzat, ordea, handik nabigatzea nazio guztien eskubidea zen, eta lurraldearen benetako okupaziorik gabe ez zegoen haren jabegoa erreklamatzerik.

Gauzak horrela, 1789an bertan, Juan Francisco de la Bodega y Quadrak, San Blas de Nayariteko (Mexiko) itsas departamentuko komandate eusko-peruarrak, Nootka berreskuratu behar zuen espedizioa antolatzeari ekin zion Revilla Gigedo erregeordearen aginduei jarraituz. Fracisco de Eliza  izango zen espedizioaren buru, eta helburu nagusia, Nootkan kokagune iraunkor bat ezartzea. Horrez gain, Elizaren taldeak datuak jaso beharko zituen faunaz eta floraz, esperimentu meteorologikoak egin, mineralen laginak hartu, eta Mexikoko kobrezko xaflak itsas igaraba eta larruekin trukatu.

Francisco de Eliza Nootkan

Nootkako San Miguel gotorlekua. Egilea: Sigismund Bacstrum, 1793. Canadian Military History Gateway.

Espedizioko hiru ontziak, Concepcion, San Carlos eta Princesa Real, Nootkara iritsi zirenean, 1790eko apirilaren 3an, europarrik ez zuten han aurkitu. Kala babestu batean kokatu ziren –Puerto  de la Santa Cruz de Nuca, ingelesentzat Friendly Cove, gaur Yuquot–, gotorleku txiki bat eraiki zuten, San Miguel izenaz bataiatu zutena, eta kokagunea prestatzeari ekin zioten: etxeak eta ospitalea, abereentzako eskortak, baratzeak, ogia erretzeko labea, ureztatzeko kanalak… Itsasgizonak ez ezik, espedizioaren parte ziren Kataluniako Boluntarioen Lehen Konpainia Libreko 76 soldaduak ere aritu ziren horretan. Horrez gain, esplorazio lana ere bideratu zuen Elizak. 1790eko maiatzean, Salvador Fidalgo errusiarren Alaskako kokaguneak aztertzera bidali zuen, eta Manuel Quimper Juan de Fuca itsasartea esploratzera, Atlantikora eramaten zuen sarrera legendarioa izan zitekeelakoan.

Callicum eta Maquina, 1796. (John Meares: Voyages made in the years 1788 and 1789 from China to the Northwest Coast of America.)

Francisco de Elizari emandako instrukzioetan, Bodegak enfasi bereziz aipatzen zuen bertakoekin adiskidetzeko beharra, harremanak hondatuta baitzeuden aurreko urtean espainiarrek Callicum buruzagia hil zutenetik. Baina Elizaren garaian ere arazoak izan ziren. Gau batean, upelen burdinazko uztaiak lapurtu nahian ari ziren bost indio hil zituzten. Beste batean, liskar handia sortu zen marinelek indioen etxoletako oholak ostu nahi izan zituztenean beren etxe eta barrakak egiteko. Bestalde, espainiarrek kokagunearentzat hartutako tokia berreskuratzeko irrikan zeuden natiboak, badia osoko lekurik onena zelako, eta, behin eta berriro, noiz alde egin behar zuten galdetzera etortzen zitzaizkien.

Bata zela eta bestea zela, 1790-1791ko negua latza izan zen espedizioko kideentzat. Indio etsaien beldurrez, ez ziren ausartzen ehizara joatera. Euriteek baratzeak hondatuta, eta janari freskoen faltak eskorbutoa zabaldu zuelarik, indioek ekarritako arrainaren mende zeuden erabat. Dena den, bi taldeen arteko harremana pixkanaka hobetzen joan zen Elizak tentsioak baretzeko egindako ahaleginei esker. Negu hartan, baratzea alferrik galdu zenean, Maquinna buruzagiak oreinkia eta arrain freskoa ekarri zizkien. Hala eta guztiz, bederatzi gizon hil ziren, eta, udaberrian, gaixotutako 32 Kaliforniara bidali zituen Elizak itsasontziz.

“Costa septentrional de California, reconocida por el teniente de navío don Francisco de Eliza, año de 1793.” Archivo Histórico Nacional, ESTADO,MPD.34 © Ministerio de Cultura y Deporte – Gobierno de España

1791ko maiatzean, Elizak berak, San Carloseko buru zela, Juan de Fuca itsasartean sartu eta hainbat leku esploratu zituen, aurkitutako leku eta jendeen deskribaketa xeheak eginez Nootkan zegoenean bezala. Georgia itsasartearen aurkikuntza izan zen  bidaiaren emaitza nagusia, Elizak “Gran Canal de Nuestra Señora del Rosario la Marinera” izenaz bataiatu zuena. Nootkara itzulita, negua ez zen aurrekoa bezain gogorra izan, eta indioekiko harremanak ere hobetzen joan ziren. Erregeordeari idatzitako gutun batean, Elizak zioen indioak bere etxean jatera eta lo egitera etorri ohi zirela, ez noizbehinka bakarrik, baizik eta sarriegi; eta ez buruzagiak bakarrik, baizik eta portu hartako jendea bisitatzera etorritako edonor, baita beste herri batzuetakoak ere.

 1792ko uztailaren 24an, kokagunea berriro ezartzeko misioa beteta, Elizak Nootka utzi eta Mexikora itzuli zen. Hurrengo urtean, Kaliforniako kostaldea esploratu zuen beste espedizio baten buru izan zen.

Bibliografia

GARIKANO, Asun (2013). Kaliforniakoak (1533-1848), Pamiela, Iruñea.

TOVELL, Freeman (2008). At the far reaches of Empire: The life of Juan Francisco de la Bodega y Quadra, UBC Press, Vancouver, Toronto.