- 1697-1767: Baja Californiako misio jesuitak
- 1699-1817: San Francisco Javier de Viggé Biaundó
- 1705-1721: San Juan Bautista de Malibat-Ligüí
- 1705-1828: Santa Rosalía de Mulegé
- 1720-1748: Nuestra Señora del Pilar de La Paz Airapí
- 1720-1795: Nuestra Señora de Guadalupe de Huasinapí
- 1728-1840: San Ignacio de Kadakaamang misioa
- 1730-1840: San José del Cabo Añuití
1697-1767: Baja Californiako misio jesuitak

Misiolari jesuitek Baja Californian ezarri zituzten misioekin hasi zen Kaliforniaren kolonizazioa. Lehen saioa Isidro de Atondo almirante nafarrarekin joandako aita Matias Goñi halaber nafarrak eta Eusebio Kino eta Juan Bautista Copart jesulagunek egin zuten San Brunon, gaurko Loreto hiritik 20 kilometro iparraldera, 1683an. Lurraren antzutasunagatik eta natiboekiko arazoengatik erretiratu beharra izan zutenean, bertan behera geratu zen Kaliforniaren konkista materiala; ez ordea espirituala. Mexikora itzulita, jesuitek, aita Kino misiolari eta esploratzaile kementsua buru zela, lehenbailehen hara itzultzeko lizentzia lortzeari ekin zioten.
1699-1817: San Francisco Javier de Viggé Biaundó
Baja Californiako misio jesuiten kateko bigarrenak Frantzisko Xabierkoa santu euskaldunaren izena hartu zuen. Aita Franciso Piccolok fundatu zuen 1699ko urrian La Giganta mendikatearen oso leku malkartsu batean, Viggé Biaundó errekaren ondoan. Berehala, beren sendalari eta buruzagiei jarraituz, indioek dena txikitu zuten, eta Piccolok alde egin beharra izan zuen. Hurrengo urtearen bukaeran, Mexikotik heldu berria, Juan de Ugartek berriro fundatu zuen. Ugartek berak hasitako eraikuntza aita Miguel del Barcok amaitu zuen 1758 inguruan.

Ugarte ez zen izan paraje hartara heldutako lehen euskalduna. Handik pasatua zen Isidro de Atondo almirante nafarra 1684ko abenduan, penintsula ekialdetik mendebaldera gurutzatu eta Pazifikora arteko lehenengo bidea ireki zuen espedizioan. Baja California gurutzatu zuten lehenengo europarrak izan ziren.
1705-1721: San Juan Bautista de Malibat-Ligüí
San Juan Bautista de Malibat-Ligüí misioa aita Pedro de Ugartek fundatu zuen, Juan de Ugarteren anaiak, 1705eko azaroan. Monqui indioak ziren bertako biztanleak, baina aurrerago cochimí indioekin birpopulatu zen misioa. Monquiek Ligüí esaten zioten lekuari, eta cochimíek Malibat.

Misioko lehenengo eliza adarrez egin zuten, eta aurrerago, indioen laguntzarekin, Ugartek adobezko kapera altxatu zuen. Bi laguntzaile zituen erlijiosoak, bi mutiko, eta arropak egin zizkien biluzik ez ibiltzeko, baina kaperatik atera orduko erantzi egiten zituzten beretarren barreak eta burlak pairatu beharrik ez izateko.
Bost urtez, misioa eraikitzeko lanari ekin zion Pedro de Ugartek. Bere anaiak San Francisco Javier misioan halako arrakastaz ibilitako bidea errepikatu nahi zuen, natiboei lan eginaraziz eta eremu haiek lur emankor bihurtuz, aldi berean doktrina irakasteari utzi gabe. Baina indioak uzkur aurkitzen zituen bere esanekiko, eta umeengana jo behar izaten zuen, lana jolasarekin batuz haien laguntza erakartzeko.
1705-1828: Santa Rosalía de Mulegé
Santa Rosalía de Mulegé misioa Juan Manuel de Basaldúa jesuitak fundatu zuen 1705ean cochimíek Mulegé esaten zioten lekuan, La Concepción badia ederraren bokalean. Gaurko harrizko eraikuntza 1770ean amaitu zen. 1828tik aurrera itxita egon ondoren, 1970ean zaharberritu egin zuten, elizaren hasierako arkitektura gordeaz kanpotik. Mulegé beste bi misio eraikitzeko oinarria izan zen: San Ignacio de Kadakaamang eta La Purísima de Cadegomó.

Lurralde honetan, ura zegoen tokian lurra falta zen eta lurra zegoen tokian ura falta zen. Arazoa gainditzeko, ura zegoen lekuraino garraiatu behar zuten lurra, zama-abereen laguntzarekin.
1720-1748: Nuestra Señora del Pilar de La Paz Airapí
Nuestra Señora de La Paz misioa Juan de Ugarte eta Jaime Bravo jesuitek fundatu zuten 1720ko azaroaren 3an guaycurek Airapí esaten zioten tokian, gaurko La Paz hirian. Ugartek berak eraiki berri zuen El Triunfo de la Cruz itsasontzian egin zuten Loretotik La Pazerainoko bidaia. Kalifornian bertan egindako lehen itsasontzia zen: «una Balandra la mas hermosa, grande, fuerte, y arreglada, que, à juicio de Americanos, y Philipinos, se havia visto en aquellas Costas».

La Pazera abiatu aurretik, Ugartek aita Everardo Helen Huasinapíra bidali zuen, Guadalupeko mendikatera, han Nuestra Señora de Guadalupe misioa fundatzera, cochimíak misio eske ari baitziren Ugarte aurreko urtean han egon zenetik, itsasontziarentzako enbor bila joanda. La Pazeko guaycurek, ordea, espainiarren oroitzapen txarra zuten, haiekin izandako talken erruz. Haiek ebanjelizatzeko ahalegin guztiek kale egin zuten ordura arte.
1720-1795: Nuestra Señora de Guadalupe de Huasinapí
Nuestra Señora de Guadalupe misioa 1720an fundatu zen bertakoek Huasinapí esaten zioten tokian, gaurko Guadalupe mendikatean. Aita Juan de Ugartek erabaki zuen kokalekua, aurreko urtean lau hilabetez han egon ondoren El Triunfo de la Cruz itsasontzia egiteko enborrak ateratzen.

Baja Californiako jesuitek itsasontzi bakarra zeukaten; bakarra, kaxkarra eta hamaika joan-etorritan hondatua. Beste ontzi zahar batzuk konpontzen saiatuak ziren, eta berri bat ere eginarazi zuten Golkoaren beste aldean; baina asko kostatu eta gutxi irauten zuten denek. Auzia ongi hausnartu ondoren, ontzia Kalifornian bertan egitea pentsatu zuen Ugartek. Hartara, ontzi sendo batekin, posible izango zitzaion Golkoaren bi aldeak esploratzea eta, berak uste bezala, Kalifornia penintsula zela frogatzea. Gainera, kontrakostaren hegoaldea aztertu ahal izango zuen Manilako Galeoiarentzat portu on bat aurkitzeko.
1728-1840: San Ignacio de Kadakaamang misioa
San Ignacio misioa, hainbat urtez Kaliforniako handiena eta prosperoena izan zena, Juan Bautista Luyandok fundatu zuen 1728an cochimíek Kadakaamang esaten zioten lurraldean, gaur egungo San Ignacio hirian. Jesuitak penintsularen erdialdean hedatzeko abiapuntua izan zen San Ignacio.
Gaur zutik dirauen eliza Juan Gómez dominikarrak eraiki zuen 1786an. Misioak 1840 arte iraun zuen.

Luyandok gurasoengandik jasotako 10.000 pesoko herentziari esker finantzatu zen misioa. 1700. urtean jaioa Mexiko Hirian, Luyando de familia nobilísima zen, eta Mexikoko Jesusen Lagundiaren lehen fundatzailearen ondorengoa, F. J. Clavijero historialariak dioenez. 1732an osasun arazoengatik misioa utzi zuenean, aita Sebastián de Sistiagak ordezkatu zuen. Luyando Mexikora itzuli eta goi-karguak bete zituen hainbat kolegiotan. Aurrerago, jesuitak lurraldetik bota ondoren, Juan de Medinaveitia frantziskotarra gehitu zitzaion San Ignacioko administratzaile euskaldunen zerrendari.
1730-1840: San José del Cabo Añuití
José de Echeverría jesuiten bisitari jeneral donostiarrak bi asmo zituen hamabigarren misioarentzako leku aproposaren bila abiatu zenean: pericúak (beren hizkuntzan eduak) kristautasunera ekartzea, eta Manilako Galeoiarentzat lagungarri izango zen base bat ezartzea penintsularen hegoaldean. Gerrazale fama zuten pericúek, eta, arazoak egon zitezkeela aurreikusiz, beste misio batzuetan zaildutako Nicolás Tamaral sevillarra hautatu zuen Echeverríak misio berria administratzeko.

1730eko martxoan abiatu ziren Echeverría eta Tamaral, soldadu talde batekin, Loretotik La Pazera eramango zituen ontzian. Jarraian, lurrez penintsularen hego muturreraino joan, eta hondartza ondoko estuario baten ertza aukeratu zuten misio berriarentzat. Sebastián Vizcaínok San Bernabé deitutako tokia zen, eta izen horrekin ezagutzen zen marinelen artean XVI. mendea ezkero. Indioak hurbiltzen joan ziren pixkanaka. Laugarren egunerako, hirurehundik gora ziren, gizon eta emakume. Bataioak hasi ziren. Echeverríak berak hamabost haur bataiatu zituen. Hain pozik zegoen San Josén non, handik joateko hartu behar zuen balandraren berri eman ziotenean, honela erantzun zuen: “…doala nahi badu, nik inorako presarik ez dut eta. Kalifornietako aingeru hauen artean geratuko naiz beste hilabete pare batean.”