Alta Californiako Agintari Euskaldunak
1792tik 1822rako tartea gobernadore euskaldunen aroa izan zen Alta Californian.
- José Joaquín de Arrillaga aiarrak bete zuen postua 1792tik 1794ra behin-behineko gobernadore gisa;
- Diego de Borica gasteiztarrak 1794tik 1800era;
- Arrillagak berriro 1800etik 1814ra;
- 1814tik 1815erako tarte laburrean José Darío Argüello mexikarraren txanda izan zen, eta gero berriro,
- 1815etik 1822ra, euskaldun batek hartu zuen kargua: Pablo Vicente de Sola arrasatearrak.
José Joaquín de Arrillaga
(Aia, Gipuzkoa, 1750 – Soledad Misioa, Kalifornia, 1814)
José Joaquín de Arrillaga Kalifornietako gobernadore behin-behinekoa izan zen 1792tik 1794ra eta 1800etik 1804ra eta, bi Kaliforniak bereizi ondoren, Alta Californiako gobernadorea 1804tik 1814ra.

Arrillaga Aian (Gipuzkoa) jaioa zen 1750ean, bertako Manterola burdinolan, bataioen liburuan jasota dagoenez.
Ustez, Arrillagak Ameriketan hasi zuen karrera militarra, San Miguel de Horcasitas (Sonora) presidioko konpainian boluntario sartu zenean 1777an. 1780tik aurrera teniente gisa zerbitzatu zuen Texasko San Sabas eta La Bahía konpainietan; 1783an Loretoko presidioko kapitain eta Kalifornietako gobernadoreorde izendatu zuten.
Ofizial eraginkor eta zintzoaren fama bereganatu zuen postu horretan, eta 1792an José Antonio Romeu gobernadorea hil zenean, Arrillaga haren behin-behineko ordezko izendatu zuten. Hurrengo urtean, Loreto utzi eta Monterreyn kokatu zen.
Diego de Borica
(Gasteiz, Araba, 1742 – Durango, Nueva Vizcaya, 1800)
Diego de Borica y Retegui gasteiztarra Kalifornietako zazpigarren gobernadorea izan zen (1794-1800). Bere kargua hartu zuenean, bi gasteiztar, harrigarriro, Kaliforniako botere erlijiosoaren zein zibilaren buru bihurtu ziren, Fermín Lasuén misio-katearen lehendakaria baitzen 1785 ezkero. Herrikideak ez ezik, adiskide minak ziren biak –devoted friends, dio Chapmanek–. Beren garaian, inoiz baino sintonia hobea egon zen bi botereen artean eta aro kolonialeko beste edozein alditan baino aurrerapen handiagoak egin ziren.
Diego de Borica 1742ko azaroaren 12an bataiatu zuten Gasteizko San Bizente elizan. Cosme de Borica zuen aita, María Bentura de Retegui ama. Aitaren aldeko aitona-amonak, Prudencio de Borica, Abandokoa, eta María Antonia de Othero, bilbotarra; amaren aldekoak, Miguel Antonio de Retegui, Oiartzungoa, eta Ursola de Arzac, gasteiztarra.
Pablo Vicente de Sola
(Arrasate, Gipuzkoa, 1761 – Mexiko Hiria, Mexiko, 1826)

Pablo Vicente de Sola Alta Californiako hamabigarren eta azken gobernadore espainiarra izan zen (1815-1822), hain zuzen ere independentzia mugimenduek espainiar inperioa astintzen zuten garaian. Arrasaten jaioa, Nicolás de Sola y Salinas eta Ursola Theresa de Arrizavalagaren hamabi seme-alabetako bat zen. Aita, Arrasateko alkate eta Probintziako Diputatu izandakoa, Obanosen (Nafarroa) jaioa zen; ama, Segurakoa (Gipuzkoa). Familiaren mailari zegokion heziketa ona jaso zuen. Kaliforniako urteetan ezagutu zutenek estatura ertainekoa zela diote, sendoa eta, garaiko deskribapenetan errepikatzen den formularekin esanda, de complexión florida.
Pablo Vicente ez zen izan Kaliforniara joandako senide bakarra. Beste anaia bat ere, Faustino, frantziskotarra, Kalifornian zen 1786 ezkero. 1820an San Fernando Kolegioan hil zenean, 30 urte zeramatzan burutik eginda.