Goiz Bi Euskal Herri

Lehenengo bi auzo euskaldunak: Los Angeles eta San Francisco

1890. urterako, Kaliforniara etorritako euskaldunak San Francisco eta Los Angeleseko auzo txikiak betetzen hasi ziren. Komunitate (auzo euskaldunak deritzogunak) hauen ezaugarri ziren hotel multzoak hiriguneetan kokatzen ziren. 1850tik 1890ra bitarteko ostatuak bidaiarientzako atsedenleku isolatuak izan ohi ziren, hemeretzigarren mende amaieraz geroztik, berriz, bi auzo euskaldun hauetako hotelak gailentzen hasi eta, negozio izateaz gain, estatu osoko euskal-amerikanoen bilgune ere bihurtu ziren. Hotelen arrakastak ostatu berrien irekiera bultzatu zuen hirien kanpoaldean. Hurrengo hamarkadetan euskal auzoak jaioko ziren Bakersfielden, Stocktonen, Boisen eta Renon.


Los Angeles

Los Angeleseko euskal auzoaren eta ostatuen urrezko urteak

Los Angeleseko euskal auzoa 1891 inguru.

1860tik 1880ra bitartean hego Kalifornian eta Los Angeles konderrian bizi zen euskaldun kopurua nabarmenki igo zen. 1881. urtean Los Angeles 11,200 biztanle izatera iritsi zen. AEBetan ez zen hiririk edo herririk Los Angeles beste lehenengo, bigarren eta hirugarren belaunaldiko euskaldun zuenik. Urte horretan bertan, esaterako, hiri erdiguneko bost apopilo-etxek abizen euskalduneko jabeak edota zuzendariak zituzten edo bezero gehienak euskaldunak. Lehen ostatu hauen funtzionamenduari buruz gutxi badakigu ere, haien presentzia hutsa lagungarria zaigu Los Angeleseko euskal auzoaren sorrera garaia 1880ean edo zertxobait lehenago zehazteko.

Atchinson-Topeka-Santa Fe trenbide sare berriek eta hiriaren artile-industriak erakarrita gero eta euskaldun gehiagok egin zuten Aingeruen Hiria haien bizileku. Martin Biscailuzek, Los Angelesen bizi eta Ameriketan jaioa zen abokatua, AEBetako euskarazko lehen egunkaria argitaratu zuen 1884an Escualdun Gazeta izenaz. Bere ustea zen egunkariak aurrera egingo zuela 80. hamarkadan hego Kalifornian eratu berri ziren ipar eta nafar euskaldun komunitateen irakurleekin soilik. Tamalez, ekintza goiztiarra gertatu zitzaion, izparringiak porrot egin baitzuen sortu eta hiru hilabetetara. Nolanahi ere, 1893an, Jean Pierre Goytinok bigarren egunkaria argitaratzeari ekin zion, “California’ko Eskual Herria”. Honakoari, bai, harrera ona egin zioten AEBetako euskaldunek. Ogibidez kazetaria zen Goytinok banaketa-lekuak zabaldu zituen San Frantziskon, San Diegon eta baita Mexikoko Hirian ere, Mendebaldeko AEBetako eta Latino Ameriketako euskaldunen arteko lotura mantenduz. Bihilabetekariak, besteak beste, Texaseko, Oklahomako edota Kaliforniako Tehachapi, San Frantzisko edo Bishop Creekeko euskal komunitateen tokiko albisteak zein iragarkiak jasotzen zituen bere orrietan.

California’ko Eskual Herriaren biziak 1890ko hamarkadaren erdialdean hasi eta bost urtez iraun zuen. Litekeena da, hortaz, hego Kaliforniako komunitate euskalduna helduarora ere orduan iritsi izana. Badakigu garaiko ostatuek iragarkiak barra-barra jartzen zituztela egunkarian. Eskual Herriako 1893ko abenduaren 30eko alean, adibidez, Los Angeleseko bost hotel euskaldunen berri ematen da iragarkietan: Hotel des Pyrenees, Hotel d’ Europe, Buena Vista House, Eskualdun Ostatua eta Hotel de Bayonne.

Los Angeleseko euskal auzoaren urrezko urteak Eskual Herriarekin batera hasi ziren, 1893an, eta 1910ean amaitu. Erroldatik ateratako informazioari jarraiki, Los Angeles konderriko biztanleri euskalduna laukoztu egin zen 1900etik 1910era. Horrela, 1900. urtean konderriko 269 euskaldunak 1,030 bihurtu ziren hamar urteren buruan. Tarte horretan, halaber ere, hiriaren euskal auzoan hotel sare sendoa errotu zen.

Aliso kalea, 1899an, mendebaldetik begiratuta Los Angeleseko erdigunerantz. USC Libraries-ek eskainita– California Historical Society Collection.

Kaliforniako euskal komunitate handiena Los Angelesekoa izan zen 1910eko erroldara arte, orduan gailendu baitzitzaion San Frantziskokoa.

Beherakada

Los Angeleseko euskal auzoa 1920 inguru.

1905etik aurrera, Aingeruen Hiriko euskal auzoa beherakada pairatzen hasi zen. Hogei urtetan inoiz gertatu ez zena gertatzen hasi zen: Los Angeleseko hotel euskaldunen itxiera. Euskaldunak, horrezkero, ez ziren kalearen beste aldera lekuz aldatzen, eta herrikideen arteko negozioen salerosketa ere bertan behera utzi zen. Hotelak hotel, komunitateak bizirik zirauen: ehunka euskaldun betetzen zuten Aliso eta Alameda kaleak barne hartzen zituen auzoa eta AEBetako mendebaldeko milaka euskaldunek bisita egiten jarraitzen zuten.

Los Angeleseko euskal auzoko dozena erdi ostatuak etxe ziren hango bizilagunentzat. Bizilagun horietako batek, Dominic Sorcabalek gogora ekartzen du: “Txerriak hiltzen genituen gaurko Los Angeleseko hiri erdigunean bertan.”i Sorcabalen lanetako bat zen ardi-txakurrei jaten ematea artzainek bere gurasoen hotelean ostatu hartzen zutenean. The Oyambururen, horixe zen hotelaren izena, atzealdean sardoi txikia zegoen ardi-txakurrak artatzeko eraikia.

Egunero joaten zen Dominic Alameda kaleko pilotalekura denbora pasa. Olasso hotelaren alboan zegoena zen bere gogokoena, Alameda eta Aliso kaleen artean, bere gurasoen hoteletik gertu. Umetan, hiru pilotaleku zituen eskura bi etxadiren eremuan. Pilotariak jokoan ikusten gozatzen zuen berak eta bere adineko beste hainbat umek ere. Aukera zuenean, auzoko lagunen kontra jokatzen zuen Dominicek.

Dominicen umetako oroitzapenak Los Angelesen eta garaiko Euskal Herritarrek deskribatzen dituzten bizipenak antzekoak dira, elizaondoko frontoietan izaten baitziren azken hauek ere pilotariak jokoan ikusten. Euskal amerikarren lehenengo eta bigarren belaunaldiek kirol zaletasuna, bereziki pilotarekikoa, bizirik mantendu zuten: Jatorrizko Euskal Herrian frontoiak elizen pareten kontra eraikitzen ziren, Ameriketan, ostatuen kanpoaldean.

10. hamarkadatik 30. harmadakadara arte luzatu zen denboraldian, euskal komunitatea lagunak galtzen hasi zen, gutxinaka, euskaldun asko hiritik atera eta inguruko herrietan tokitzen hasi zelako, besteak beste, Tehachapin, Bakersfielden, Santa Barbararan eta Orangeko konderrian. Zalantzarik gabe, euskaldunek Los Angeles utzi zuten, batik bat, hego Kaliforniako artile-industriaren gainbeherak, lurraldeko lehorteek eta hiriaren hazkunde erritmo biziak bultzatuta.

Los Angeleseko euskal auzoaren azken hatsak 20. eta 30. Hamarkadetan eman ziren. Ordurako, garraio sistema berri eta konplejuagoek zeharkatzen zuten tokia. Aldaketa handiak ekartzen lehena, Pacific Electric tren elektriko berria izan zen, 1912an. Haren funtzionamendurako eraiki zen trenbideak Aliso kalea korritzen zuen, orduko euskal auzoaren bihotza. Ondoren, Alameda eta Lehenengo kalea bereizten zituen errepide zabala etorri zen, urteak geroago autopista bihurtu zena. Errepideak zabaltzearren, eraikin zaharrak bota behar izan zituzten. Auzo zahar eta isolatuak txokoa egin zion munduko beste aberrietako jendeari, Txinatik eta Japoniatik etorritakoari, batez ere, eta etxebizitzak eta lantokiak betetzen hasi ziren. Japoniako auzoa hegoaldean indartsu hazten ari zen, gainera. 1930ean, auzoak kolpe hilgarria jaso zuen: Union Rail tren geltokiaren obrek aurrera egin zezaten, eraikin ugari eraitsiarazi zituzten. 1940. harmakadarako, ez zegoen ostatu bat ere hiri erdigunean. Izan ere, euskaldunak auzotik atera eta inguruko zonaldeetan, La Puenten edo Chinon, esate baterako, trimulka bildu zirenez, han zabaldu zituzten ostatu berriak.


San Frantzisko

San Frantziskoko euskal auzoaren eta ostatuen hastapenak

Mendebaldeko AEBtako lehen hotel euskalduna San Frantziskoko Powell kalean eraiki zen 1866an, Juan Miguel Aguirre jabe. Hotela San Frantziskoko euskal komunitatearen abiapuntutzat jo daiteke.

Tamalez, 1906an San Frantziskok pairatutako lurrikarak eta suteak euskal komunitateari buruzko dokumentu historiko gehienak suntsitu zituzten eta, ondorioz, gutxi dakigu, gaur egun, auzoaren bizimoduari buruz 1860tik 1900ra bitartean. Halaber, 1906ko hondamendiak hiriaren beste hainbat aberriren auzoak txikitu zituen eta haiekin batera udalerriko zein herrialdeko dokumentu eta artxibategiak.

San Frantziskoko euskal auzoa 1899 inguruan. RRR

Edonola ere, onik atera ziren hiriko eta konderriko direktorioek nahikoa informazioa eskaintzen dute San Frantziskoko euskal auzoa 1890. urterako sendoki errotuta zegoela pentsatzeko. 1900. urterako, esaterako, euskal auzoa osatzen zuten lau hotel euskaldun ziren Broadway eta Pacific kaleen artean: Hotel de France, Hotel des Alpes, Hotel de Basse-Pyrennees eta Europa Hotela.i Los Angelesen antzera, jabe euskaldunak zituzten eta hurbil zeuden bata besterarekiko. 1890ean zabalik zegoen hoteletako bat Yparaguirretarrena zen. Juan Francisco Yparraguirre gaztea 1880. hamarkadaren hasieran iritsi zen San Frantziskora. San Joaquin bailara bisitatzen ari zela, Juan Franciscok Urepelgo Marie Etchebarren ezagutu zuen. Kaliforniako Tres Pinoseko bere izebaren etxean bizi zen hura. Denbora laburrean San Frantziskora ezkondu ziren, Notre Dame eliza katolikoan.ii 1893an, Yparraguirretarrek Broadway eta Powell kale artean zegoen hotela errentan hartu zuten eta Hotel Vasco izena eman zioten. Egurrezko egitura zuen eraikinak eta solairu bat gora egiten zuen. Beheko solairuan tarbena zegoen. Hasiera batean, hotela bi egoitza pribaturen artean zegoen. Urte bete pasa zen hotela ireki zutenetik Juan Franciscok Etxalarren zeuden bere hiru anaiak harekin lanera ekarri zituenean. Handik gutxira, lau anaiok frontoia eraiki zuten Broadway kaleko 823 zenbakian, Powell kaleko izkinaren ondoan.

“Yparraguirre familia”

Yparraguirretarrena Bay Areako euskaldunez beteta pasa zuen 1890. hamarkada. Juan Franciscok oso gustoko zuen musika eta sarritan gonbidatzen zituen musikariak tabernan zein jatetxean jotzera. Arrillaga Musical College-eko Vincent Arrillaga Juan Franciscoren laguna zen eta askotan izaten zen hotelan.v Hotelaren jabeak berak, halaber ere, ondo baino hobeto abesten zuen eta euskal kantetan hasten zenean bezeroak abestera animatzen zituen. Makina bat bezero artatzen zuen hotel euskaldunak, giro adeitsuak eta frontoiak erakarrita etortzen baitziren. California´ko Eskual Herrian jarri ohi zuen iragarkiari esker ere, Juan Franciscok mendebaldeko beste zonaldeetako euskaldunen arreta eta bisitak lortzen zituen.

1906ko sutea Van Ness kaletik badiaraino penintsula irensten hasi zenean, Juan Franciscok segituan eraman zuen familia portura eta Oaklandekora zihoan gabarrean igoarazi zituen suaren arriskutik aldentzeko. Bera, baina, auzora itzuli eta hotela hondamenditik salbatzen saiatu zen handik ateratzeko agindu zioten arte. Ordurako, ebakuatutako bizilagunek Golden Gate parkean itxaroteko agindua jasotzen zuten, krisialdia baretu artean. Hantxe geratu zen zai Juan Francisco, suak bere hotela eta Aguirre zaharra errausten ikusten zuela. Ez familia batak ez besteak ez zuten negozioa berreskuratzeko ahaleginik egin.

Hiriaren lehenengo bi ostatuen eta inguruko hotelen suntsiketak San Frantziskoko lehen euskal auzoaren amaiera ekarriko zuen. Hogeigarren mendean enpresa euskaldunak ugaritu ziren arren, aurreneko bi hotelek bi garai ezberdinen adierazgarri bihurtu ziren, euskaldunen hotelei eta euskaldunen immigrazioari AEBetan dagokionez: bata urre-gose abenturazaleen garaien gogorarazlea zen eta bestea Kaliforniako gorabehera bortitzen garaiaren ikur bihurtu zen.

San Frantziskoko eta Los Angeleseko konderriko 1900go eta 1910eko erroldek ondo azaltzen dute bi komunitate euskaldunon bilakaera. 1900. urtean San Frantziskoko komunitate euskalduna Kaliforniako handiena zen Los Angelesekoaren atzetik. Hamar urteren bueltan, San Frantziskokoa hainbeste handitu zen ezen Los Angeleseko euskal komunitateari lehenengo postua kendu baitzion. San Frantziskoko komunitate euskaldunak handitzen jarraitu zuen 1906ko hondamendia gorabehera eta mendebaldeko estatuetako euskal komunitateen artean ardiketan gutxien aritzen zena izan arren. San Frantziskok bestelako izaera hartu zuen Kaliforniako eta mendebaldeko beste zonaldetako euskaldunen gogoan: herrialdean sartzeko leku garrantzitsua zen, kulturgunea, San Joaquin bailarako familia euskaldunentzako oporleku aparta eta artzain akituentzako atsendelekua.

Euskaldunei buruzko albiste gehiago San Francisco Call egunkarian.

Aipuak

iLangley´s San Francisco Directory, 1890 (San Francisco: G. B. Wilbur, 1890), 661.

iiElvira Yparraguirre Root, interview by author, San Francisco, Calif., 14, 15 May 1987.

iiiPhotograph of Yparraguirre´s Basque Hotel in Talbott Papers.

ivSan Francisco Directory, 1905 (San Francisco: H. S. Crocker and Company, 1905), 1981.

vRoot, interview, 14, 15 May 1987; and Frank Bailey Millard, The History of the San Francisco Bay Region (San Francisco: American Historical Society, Inc., 1924), 280-81.

viCalifornia´ko Eskual Herria, December (Abendoaren), 30 1893, Lib. 2, no. 9, 3-4.